Begoña gazteluko galerien gaineko eztabaida irekia nahi du Getxoko EAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 28a, 20:59

Aurreko agintaldian EAJren udal gobernukide izandako Getxoko Eusko Alkartasunak (EA) Algortako Begoña galerietan hotela jartzearen aurka dago "erabat", gaur helarazitako prentsa oharrean adierazitakoaren arabera. Horrela jakinarazi omen diote Imanol Landa alkate jelkideari, orain gutxi udaletxean egindako bileran. "Onurak egitan getxoztarrentzat izango diren" da EAkoen zalantza nagusia. Hori dela eta, Begoña gazteluko galerien etorkizunaz kezkatuta dauden eragile guztiekin eztabaida mahaia osatzea eskatu dute tokiko sozialdemokratek, "getxoztarrei bereziki zuzendutako alternatiben gaineko eztabaida, alegia". Bestalde, galeriak zaharberritu daitezkeen aztertzea eskatu dute. Baina ez hotela egiteko, Atxekolandeta kalea eta Arriluzeko kaia lotuko lituzteen pasealekua egiteko baizik. Azkenik, Bizkaiko eta bereziki Getxoko kostaldeari buruzko begiratokia jarri nahi du bertan EAk, Algortako Portu Zaharreko antzinako arrantzaleen bizimodua gogoratuz. Argazkian, galeriak barrutik ikusita.

Getxoko EAk azaldu duenez, kostalde getxoztarreko gune esanguratsu horren gaineko eztabaida irekirik ez da egon; "Getxoko zein Uribe Kostako bizilagunentzat eskaini diezazkiekeen aukerak kontuan hartuta behintzat". Tokiko sozialdemokraten arabera, "hotela inposatu nahi digute, dagoeneko inguruan horrelako asko dagoen tokian". Aipatu dutenez, sei hotel daude (Tamarises, Igeretxe, Embarcadero, NH La Avanzada, Hotel Ereaga, Hotel Neguri) kilometro baten bueltan. Izan ere, ostalaritza establezimendua "dirutza daukaten turistek bakarrik" erabili ahal izango duten bitartean, "guzti horren onurak eta irabaziak getxoztarrentzat" izango ez direlakoan daude EAkoak. Guzti hori, arkitekturari dagokionez proiektuak sortarazten dizkien "zalantzak" ahaztu gabe.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun