EAJ eta Ertzaintzaren jarrera salatzeko gazte elkarretarratzeak egingo dituzte ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 29a, 17:52

Gazte independentistek Euskal Herriko hainbat herritan kontzentrazioak deitu dituzte etzirako, ostirala, gaueko 20:30ean. Oraingoz, Itzubaltzeta / Romoko Ibaiondo kalea eta Areetako Xake plazaren arteko izkinean egingo den elkarretaratzea baino ez du baieztatzerik izan UKBERRI.NETek. Gazteek hitzordurako eman dituzten arrazoiak honakoak izan dira: pasa den larunbatean Hernaniko Independentzia Egunaren ospakizunetara Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Ertzaintzak ezarritako debekuak eta oldarraldiak erantzutea eta EAJ abertzale gisa ez baizik eta Espainiaren menpeko gisa irudikatzea. Itzubaltzeta / Romoko Segik, berriz, Hernanin herriko bi gaztek "zauri gogorrak pairatu" zituztela, beste bost pertsona bezala, salatu du. Era berean, bat egin du gazte independentisten elkarretaratzearekin eta baita ordu erdi lehenago Etxeratek hileko azken ostiraletan deitzen duenarekin ere. Argazkian, Ertzaintza aurreko larunbatean, Independentzia Eguneko karparako bidea ixten / Gaztesarea.

• Gazte independentisten oharra:

Ezer baino lehen atzo Hernaniko Independentzia Egunera etorri ziren milaka euskal gazte independentistei zorionak esan nahi diegu. Zorionak mehatxuen gainetik eguerditik aurrera gerturatu zirelako festara eta aldarrikapenera; zorionak egun osoan Hernanin jarri zuten jai eta aldarrikapen giro ederragatik; zorionak poliziak Independentzia eguna zapuzteko saiakera egin zuenean gogor erantzuteagatik eta borrokaren duintasuna zer den herri honi erakusteagatik, beste behin ere. Gure buruarekin oso pozik eta indartsu egon behar dugu Independentzia egunera batu ginen guztiok. Ikaragarrizko gazte belaunaldia gara! Atzo ikusi genuen edozein amets, edozein proiektu burura eramateko aski indar duen gazteria garela!

Eskerrak eman nahi diogu Hernaniko herriari ere; Udalari, herriko merkatariei, herritarrei eta bereziki gurekin lanean jardun duten guztiei. Atzo badakigu momentu zailak bizi behar izan zituztela eurek ere PNVren poliziak herria hartu eta gerra argazkia jarri zuenean, baina poliziaren oldartzean bertan, aurrez eta gero ere ezinbestekoa izan da zuen denon laguntza. Mila esker Hernani!

Egunari berari dagokionez arrakasta itzela izan zela esan beharrean gaude. Eguerdi aldetik euskal herrialde guztietatik etorritako gazteek Hernani hartu genuen; politiko profesionalek, poliziek eta epaileek esaten dituzten gezurretatik haratago Independentziaren aldeko gazte uholdea batu ginen Hernanin. Harrera ekitalditik aurrera bertso poteoan, txarangarekin, zanpantzarren erritmoan; txistulari, albokari eta trikitilariekin dantzan... herri giro itzela sortu genuen! Bazkarian kabitu ezina izan zen arazoa, horrenbeste jende egoteak hainbat kontu behar bezain ongi ez egitea eragin baitzuen; sagardotegi erraldoian gure aurreikuspenak gainditu zituen gazte kopuruak.

Sokatira finala izan zen ostean. Arabak irabazi zien gainontzeko herrialdeei, zorionak, baina azken tiraldia izan zen, zalantzarik gabe, bereziena. Espainiako Konstituzioa, Frantziako errepublikaren oilarra, polizia autonomikoa, jendarmea, bankeroa, militarra... ziren azkena garaitu beharreko taldea. Dena amaitua zegoela uste zenean azaldu zen talde sorpresa hau eta lehen tiraldian irabaziko zuenaren itxuran bazebilen ere herrialde guztiek elkarrekin tiraka (eta kolpeka ere bai) irabazi eta handik kanpora bota zituzten. Dema guztian giro aparta izan zen Tilosetako pilotalekuan... hori da hori herri festa giroa!

PNVren Espainiako Poliziak hartu nahi izan zuen hurrengo orduetan protagonismoa. Espainiako Auzitegi Nazionalaren debekuari zintzo-zintzo jarraituz; beti bezala, zakur inozoek egiten duten moduan; karpa handiaren sarrera eta Atsegindegi plaza hartu zituzten Balzaren poliziek. Bagenekien horiek etortzen direnean ez dela bakerik izaten, eta horrelaxe izan zen.

20:00etan manifestazioa abiatu genuen Tilosetik eta amaitzear zela, berriz ere Tilosera sartzen hasi ginenean, Txantxillako aparkalekutik jaitsi zen polizia autonomikoa dena txikitu asmoz. Euren oldartzearen ondorioz hainbat pertsona zauritu ziren (hainbat pilotakada jaso zituzten hainbat pertsonek buruan eta hanketan) eta beste hainbat atxilotu egin zituzten.

Zoriondu nahi dugu, lehenbizi, bertan baturiko gazteek izandako jarrera. Poliziaren oldartzearen aurrean gureari tinko eusteko jarrera hori, poliziari bidea ixtekoa eta aurre egitekoa. Ez gara aske biziko kopetaraino drogaturiko eta armaturiko poliziek erabaki ahal badute zer egin ahal dugun eta zer ez...

Beste behin ere PNV zer den ikusi genuen. Madrildik agindu eta zintzo zintzo betetzen duena. Gasteizen erabakiaz eta Euskal Herriaz hitzak bai erraz esan, baina ekintzen bidez erakusteko garaian Madrilek esandakoari amen jesus.

Esan genuen harrera ekitaldian aste honetako argazkia Madrilen ikusi genuela, PSOE UPNrekin eta PNVrekin batuta agertu zenean aurrekontuen bozketan. Ba atzoko Hernanikoa argazki horren isla praktikoa da. PNVk beste behin ere erakutsi zuen independentismoaren aurka edozein tresna erabiltzeko gai dela, eta atzo Hernanin gertatutakoa bizi zuen edonork ikusi zuen bere poliziak herritarrekiko zein errespetu duen, zer errespetu duen Sabin Etxeko alderdiak herri honekiko eta herritarrekiko.

Horregatik, atzoko gertakariei erantzuteko eta adierazteko PNV ez dela abertzalea, Espainiaren menpeko egiturako txotxongilo bat gehiago besterik ez; Hurrengo ostiralerako mobilizatzera deitu nahi dugu euskal gazteria. Mobilizazio hauek PNVren egoitza eta Batzokien aurrean izango dira (deialdia herri eta zonalde bakoitzean zehaztuko da astean zehar).

Egitarauaren balorazioarekin jarraituz, PNVren poliziak Hernanitik alde egin zuenean Independentzia egunak berean jarraitu zuen. Karpa handiko kontzertuetan Independentziaren aldeko mezu ugari entzun ahal izan ziren. Gainera, Ogra Sinn Fein irlandar gazte antolakundeak ere bere babesa azaldu nahi izan zion euskal gazteria independentistari bideoz grabaturi mezu baten bidez. Azken polizia operazioetan Iruñerrian atxilotu, torturatu eta espetxeraturiko gazte baten mezua ere entzun ahal izan zen gazteriari borrokan jarraitzeko animoak ematen. Festa gaueko ordu txikiak arte luzatu zen.

Beraz, esan ahal dugu egun arrakastatsua izan zela atzokoa. PNVk eta bere akolitoek Gernikatik Gasteiza gezurrean eta iruzurrean oinarritutako zirko huts bat egiten zuten bitartean, euren negoziozalekeriaren eta Espainiarekiko menpekotasunaren biktima garen gazte belaunaldiak borrokan irabazi arte aritzeko konpromisoa berretsi zuen Hernanin. Orain herrietan dugu eguneroko lana; atzo esan genuen bezala: ez dugu esango erraza izango denik, baina guk ahal dugu! Guk behar dugu! Abiatzen dugun ikasturtea ez da fase baten ikasturte bat gehiago; oraingoa definitiboa da! Dena dugu gure alde, gure eskutan dago erantzukizunez aurre egitea bi estatuen ukapenari eta biharko Euskal Herri berria eraikitzea! Gurea da garaipena! Gora gu ta gutarrak! Etorkizuna Independentzia!

Gazte independentistok


• Itzubaltzeta / Romoko Segiren oharra:

Iragan larunbatean Independentzia Eguna ospatu genuen gazte independentistok Hernanin. Bertan, besteak beste, kalejira zen burutzekoa iluntzeko 20:00etan, ostean ekitaldi politikora bideratuz.

Espainiako Entzutegi faxistak lehenengo, eta PNVren txakurrek gero, kalejira bortizki eraso egin eta ekitaldia egitea eragotzi zuten, ondorio larriak eraginez: hamarnaka zauritu eta zazpi atxilotu. Inon aipatu ez bada ere, zaurituen artean Itzubaltzeta / Erromoko 2 lagun daude, zauri gogorrak pairatu behar izan zituztelarik. Lerro hauetatik doala gure babes eta besarkadarik handiena haientzat eta gainontzeko zauritu zein atxilotuentzat!

Zoriondu nahi dugu, lehenbizi, bertan baturiko gazteek izandako jarrera. Poliziaren oldarraldiaren aurrean gureari tinko eusteko jarrera hori, poliziari bidea ixtekoa eta aurre egitekoa. Ez gara aske biziko kopetaraino drogaturiko eta armaturiko poliziek erabaki ahal badute zer egin ahal dugun eta zer ez...

Beste behin ere PNV zer den ikusi geunen. Madrildik agindu eta zintzo zintzo betetzen duena. Gasteizen erabakiaz eta Euskal Herriaz hitzak bai erraz esan, baina ekintzen bidez erakusteko garaian Madrilek esandakoari men eginez.

Esan genuen harrera ekitaldian aste honetako argazkia Madrilen ikusi genuela, PSOE UPNrekin eta PNVrekin batuta agertu zenean aurrekontuen bozketan. Ba Hernanikoa argazki horren isla praktikoa da. PNVk beste behin ere erakutsi zuen independentismoaren aurka edozein tresna erabiltzeko gai dela, eta Hernanin gertatutakoa bizi zuen edonork ikusi zuen bere poliziak herritarrekiko zein errespetu duen, zer errespetu duen Sabin Etxeko alderdiak herri honekiko eta herritarrekiko.

Horregatik, ostiral honetan, hilak 31, kontzentrazioak burutuko ditugu gazte independentistok Euskal Herriko herri guztietan, Hernaniko gertakariei erantzuteko eta adierazteko PNV ez dela abertzalea, baizik eta Espainiaren menpeko egiturako txotxongilo bat gehiago. Hain zuzen ere, Itzubaltzeta / Erromon 20:30etan kontzentratuko gara Xake plazan. Era berean, horren aurretik (20:00etan) leku berean Euskal Preso Politikoen etxeratzearen alde hilabeteko azken ostiralero egiten den kontzentraziora etortzeko deialdia ere egiten dugu.

Gurea da garaipena! Etorkizuna, independentzia!

Itzubaltzeta / Erromoko Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun