EHBEren arabera, Euskal ikasleei "arrotz" egiten zaizkie egungo unibertsitateak, eta euren hezkuntza eskubideak "sistematikoki" urratuak dira. "Gure herriko hizkuntza, zerbait anekdotiko eta folklorikora mugatzen dute. Egun zaila suertatzen da oso, goi mailako hezkuntzan euskaraz ikasi, lan egin edo eta bizitzea. Ia ezinezkoa da euskara hutsean garatu daitekeen ikasketarik aurkitzea, unibertsitateko administrazioan ez da euskaraz egiterik, ingelesezko masterren eskaintza euskarazkoena baino askoz handiagoa da, egiten diren ikerketa gehienak erdaraz egiten dira... ", diotenez. Bitartean, hainbeste urtez euskararen aldeko planak iragarri arren, agindutako ekimen guztiak "hutsaren hurrena" izan direla salatu zuten. "Batek ere ez du erakutsi unibertsitatea euskaldundu eta euskal unibertsitarioon hizkuntza eskubideak betetzeko borondaterik. Urteak aurrera doaz eta ez dugu hizkuntza eskubideak beteko dituen eta Euskal Herriaren euskalduntzean zein euskararen garapenean abangoardia izango den unibertsitaterik", azaldu EHBEk.
Izaera antidemokratikoa
Baina, hizkuntzan ezezik, "demokrazia esparruan" ere Euskal Herriko unibertsitateek "askoz hobeto ez" dabiltzala salatu du Euskal Herriak Bere Eskolak. Euren ustez, "egitura antidemokratiko eta hierarkikoek" gobernatzen dituzte unibertsitateak. Horren adibide, doktore ez diren irakasleek, unibertsitateko langileek eta ikasleek daukaten "ordezkaritza urria". EHBEk gogoratu duenez, irakasleriaren sektore murritz batek "botere osoa" du: funtzionario doktoreek organo ezberdinetan ordezkaritzaren %51a dute gutxienez. Aldiz ikasle, administrazio zerbitzuetako langileek, zein irakasle ez funtzionarioek "hutsaren hurrenera dute murriztua" euren ordezkaritza. Halaber, deigarritzat jo dute ikasleen kasua, "zeintzuk milaka eta milaka kide biltzen dituen unibertsitateko kolektibo nagusia izanik erabaki organoetako ordezkaritzaren %20a izatera ere ez diren iristen". Organo "antidemokratiko" horiek, zeintzuetan batzuen hitzak besteena baino gehiago balio duen, "inposaketan oinarritzen dute euren jarduna; gutxi batzuen interesak komunitate unibertsitario osoari inposatuz", salatu dutenez. "Inposaketa" hori aurrera eramateko "segurtasun kameraz eta kolore ezberdinetako txakurrez" baliatzen direla diote.