"Salbuespen egoera" salatu dute Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 29a, 19:45

Presoen Aldeko Taldeek (PAT) hilabeteko azken asteazkenean EHUn deitu ohi dituzten mobilizazioekin bat eginez, "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera" salatu dute Gasteiz (35 lagun), Ibaeta eta Leioako campusetan eta San Mames (20na pertsona), Casilla (10) eta Enekuriko fakultateetan. Hain zuzen ere, egoera horren adierazletzat jarri dituzte gazteen atxiloketa eta torturak, EHAK eta Eusko Abertzale Ekintzaren legez kanporatzeak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaia, Lasa eta Zabalaren omenaldiaren debekua... Baita horiek guztiak "Euskal Herria ukatu eta zapalkuntzarako apustuan segitzeko Espainiar Estatuaren estrategian" kokatu ere. Horretarako, Madrilek "EAJren hurbileko laguntza" duela dio PATek.

"Negozioa mantentzeko prestatzen ari diren iruzur berriaren" aurrean, baina, ezker abertzalea egitasmoa baduela adierazi dute Presoen Aldeko Taldeek: Marko Demokratikorako Proposamena, "proiektu guztiak, independentziarena barne, gauzagarri egin eta gatazka politikoari konponbide demokratikoa emango dion eszenatokia ahalbidetzen duena". Hartara, "indarrak bildu eta herri hau salbuespen egoerara kondenatzen duten arduradunak seinalatzeko" deia luzatu dute.

Presoen Aldeko Taldeen oharra:

Espainiar Estatuak, PNVren hurbileko laguntzaz, prozesu demokratiko baten bidez marko politiko eta instituzional berria erdiesteari uko egin ostean, Euskal Herria ukatu eta zapalkuntzarako apustuan segitzeko estrategia hartu du. Hortxe kokatu behar ditugu ezker abertzalearen kontra azkenaldian eman diren erasoak: gazteen atxiloketa eta torturak, EHAK eta ANVren ilegalizazioak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaia, Lasa eta Zabalaren omenaldiaren debekua...

Eraso hauek ezker abertzalea kolpatu eta isilaraztea dute helburu, orain dela 30 urte egin bezala, herria alde batera utzi eta negozioa mantentzeko iruzur berri bat prestatu eta aplikatzeko. Iruzur honen aurrean, ezker abertzaleak badu herri honentzako egitasmoa: Marko Demokratikorako Proposamena, proiektu guztiak, independentziarena barne, gauzagarri egin eta gatazka politikoari konponbide demokratikoa emango dion eszenatokia ahalbidetzen duena.

Beraz, indarrak bildu eta herri hau salbuespen egoerara kondenatzen duten arduradunak seinalatzeko ordua dugu: errepresioa ahalbidetzen duten auzitegi, epaile eta lege bereziak, jazarpenerako tresna diren polizia eta indar armatuak, errepresioa babesten duten PSOE, PP, PNV eta beste alderdi politikoak eta intoxikazio eta kriminalizazioaren bidez errepresioa legimitatzen duten komunikabideak.

Aski da! Salbuespen egoerari stop!
Utzi bakean Euskal Herria!
Euskal Herriak Askatasuna!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun