Algortako San Nikolas elizako organoak ehun urte bete dituela ospatuko dute azaroaren 8an

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 29a, 22:39

Azaroaren 8an kontzertua egingo da Algortako San Nikolas elizan, 20.00etan, bertoko organoak ehun urte betetzen dituela ospatzeko. Ana Belen Garcia organista gipuzkoarrak XIX eta XX. mendeetako errepertorio erromantiko eta sinfonikoaren errepaso zabala egingo du emanaldian. Kontzertu hau Bizkaiko Organoaren Lagunen Diego de Amezua elkartearen Organoaren III. Jaialdiaren barruan kokatzen da. Horren barruan 11 kontzertu egingo dituzte Bizkaian barrena. Horietako bat Erandioko Landako Andra Mari elizan, ostiral honetan bertan, 20:00etan. Algortako kontzertuak osagai didaktikoa ere eduki nahi du eta, organoaren historiaren eta funtzionamenduaren hastapen laburraz gainera, organistaren interpretazioa pantailan emango dute eta, horrela, elizaren goiko koruan bakarrik ikus daitekeena zehatz-mehatz jarraitu ahal izango dute entzuleek. Argazkian, San Nikolas elizako organoa.

Tokiko kultur iturriek nabarmendu dutenez, Getxo udalerriak ondare zabala du musika tresna horietan (bederatzi organo dago egun eta bigarren postuaren dago Bilboren ostean, horrek 20 ditu eta). Hala eta guztiz ere, horietako batek ehun urte bete dituen lehenengo aldia da. 1908ko maiatzean, Bariko San Nikolas parrokiaren abesbatza estilo erromantikoko organo berriaren muntaketaren lekuko izan zen. Berau Parisen egin zuen Merklin&Cie enpresa ospetsuak. Garaiko 28.500 pezetako kostua izan zuen, zenbateko hau Jose Antonio de Uriarte Sustatxa jaunak dohaintzan eman zuen, organoaren ondoan kokaturiko plakan jasota dagoen bezalaxe, eta kontratua sinatu zutenetik (1907ko maiatza) inaugurazioa egin arte urtebete baino gehiago igaro zen. Denbora horretan organoaren piezak diseinatu eta ia artisau-moduan egin zituzten (1000 hodi baino gehiago barne). Merklinek XIX. mendeko organorik onenetako batzuk eraiki zituen.

Estilo erromantikoa

Algortako organoak eskakizun guztiak betetzen ditu estilo erromantikoaren barruan kokatzeko. Musikari dagokionez XIX. mendearen ezaugarri izan bazen orkestra sinfonikoa garatzea, organoaren munduari dagokionez, berriz, Europa duela 200 urtetik organoan egondako iraultzarik handienaren lekuko izan zen: organo erromantikoaren jaiotza. Organo mota hau ugariena da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Hauek dira bere ezaugarri nagusiak: batetik, orkestraren soinuetara hurbiltzea, bai tinbreari dagokionez bai nortasunari dagokionez, soinu hauek, berriz, kaxa adierazkorren barruan kokaturik egon ohi dira eta, bestaldetik, fondoko erregistroen (oso egokiak ahotsak laguntzeko) eta mihiteriaren (tronpeta, klarina, oboe, giza ahotsa) ugaritzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun