Ertzaintzak 16 eta 19 urte bitarteko lau mutil atxilotu zituen atzo, asteazkena, Plentzian, itxitako ostalaritza establezimendu baten barruan zeudela. Gazteei ondarearen kontrako delitu bat egotzi diete.
Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, gertaera atzo arratsaldeko 4etan jazo zen, Plentziako zenbait herritarrek egun itxita dagoen ostalaritza establezimendu batean lapurreta egiten ari zirela salatzeko Ertzaintzara deitu zutenean. Lekukoek lau gazte ikusi zituzten barrura sartzen, atzeko aldeko leihoetako bat hautsi ostean. Bertaratu ziren polizia autonomikoek lokala miatu zuten eta 16 eta 19 urte arteko lau gazte harrapatu zituzten geletako batean. "Bertan ezkutatzen saiatu ziren" dio Herrizaingo Sailak bidalitako oharrak. Gazte guztiak atxilotu zituzten ondarearen kontrako delitu bat egotzita.