Kiki Bordatxo taldean bost musikari, esku soinua, trompeta, arrobita, bateria eta tronboi joleak daude. Urte asko daramatzate herriko festak, dantzaldiak eta erromeriak alaitzen. Horrekin batera txitxiburduntzia izango da, Iparraldeko txerrikiarekin, sagardoarekin eta Irulegiko ardoarekin.
Larunbateko taldeak
Elaudi taldea 1997an sortuta, Hazparneko eta Isasuko honako musikari hauek osatzen dute: Pantxix Bidart (boza, kitarra,flauta), Mirentxu Aguerre (boza, pandereta), Yves Bidart (boza, perkusioa), Andde Carrere (boza, kontrabaxua), Xabier Itzaina (boza, kitarra, txirula,ttunttuna). Orain arte “Ilunatze”, “Gizonak balaki” eta “Denborarena” CDak kaleratu dituen taldeak bere folk musikan munduko hainbat herrialdeetako musiken eragina dago, tartean Euskal Herriko kantak, Maliko bluesa, arabiar mundua, Kuba edo ijitoen doinuak. Bere hitzetan euskal idazle baten olerkiren bat entzun daiteke.
Aurkezpenik behar ez duen Ken Zazpi taldeak “Argiak” laugarren eta azken laneko 12 abestu ekarriko ditu Getxora. Eñaut Elorrietak (kitarra, abotsa), Igor Artzanegik (baxua), Beñat Sernak (kitarra), Iñaki Zabaletak (trikitixa,teklatua) eta Jon Freskok (bateria) osatzen duten Gernika aldeko taldeak kantu sarkorrak, lelo distiratusak eta mezu konprometituak eskaintzen ditu.