Gazteek azaldutakoaren arabera, arratsaldeko 5ak inguruan heldu dira Daduenara etxearen jabe diren senar-emazteak eta beste lagun bat; eta "irainka, mehatxuka eta atean kolpeka" hasi zaizkie. Emakumeak, baina, neska-mutilei egotzi die irainak egin izana. Horrek ekarri ei du okuparen lagunek Ertzaintzari deitzeko erabakia. "Dagoeneko auzibidea zabalik dago, hortaz aukerarik onena hori zela erabaki dugu", gaineratu dute. "Jabeek lehenengo momentutik auzitegira jotzea" eragin du gazteen haserrealdia: "epaitegira joan aurretik arazoa berba eginez konpontzera etorri izan balira...", tamaldu dira. Hala ere, etxeko jabe den emakumearen iritzia bestelakoa da. Bere hitzetan, "hasieran gurekin hitz egitera etorri balira, gauzak bestelakoak izango ziren". "Apaizak eskatuta daukagun beste etxean lo egiten utzi genion behin behartsu bati eta ez zen inolako arazorik egon", aipatu du andreak. Bestalde, "erortzeko arriskuan etxea habetuta" dagoela gaineratu dute jabeek, "horrek dakarren arriskuarekin". Horretaz gain, dagoeneko "eraikina konpontzeko proiektua idatzita" daukate.
Urteak gora eta urteak behera
"Hamar urtez etxea utzita eduki eta gazte bat bertan bizitzera sartu denean, begira nola etorri diren", adierazi dute kontran gazteek. Jabeek, ordea, "orain hiruzpalau urtera arte" etxea "familiarekin parrilladak eta bazkariak egoteko" erabiltzen zutela aipatu du, "komuna jauzi zen arte". Bitartean, gazteak kaleko punta batean eta jabeak bestean zeudela jabeen lagun batek "mehatxuka" hasi zaiela salatu dute neska-mutilek. Gainera, akusatu duten gizonezkoa handik pasatzean ertzainek identifikatu ez dutela eta kexu agertu dira, baita jabea ertzain baten laguna ei delako. Liskarra gora eta behera, gaur epaiketa atzeratu dute eta oraindik ez dakite noiz izango den. Bitartean, Daduena barruan daude oraindik okuparen gauzak eta berak jarritako sarraila berria.