Justizia Administrazioa eta, zehatzago, Getxoko Instrukzioko 5. Epaitegia, 2006an Itzubaltzeta / Romoko Sabeco supermerkatuan txahal-entrekot xerra bat lapurtu zuen gizonezkoaren bila dabil, bere aurkako falta-epaiaren berri emateko. Izan ere, orain dela bi urte Jairo Alvarez-Uria Franco epaileak frogatutzat eman zuenaren arabera, 2006ko urriaren 24an, 15:35ak aldera, J.L.F.H. izeneko gizonezkoak Itzubaltzeta / Romoko Kresaltsu kalean dagoen Sabeco supermerkatuan 6,50 euroko salneurria zuen txahal-entrekot xerra bat lapurtu zuen. Beranduago, kale hori eta Ezekiel Agirre kaleak bat egiten duten lekuan, 129 eta 113 zenbakiko udaltzainek salatua atzeman zuten, arropen artean, ezkutatuta, ebatsitako xerra zeramala. Txahal-entrekota epaitegiaren esku utzi zuten poliziek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!