Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi du Udagoieneko Osterak, eta hori lortzeko, derrigorra da kalitateko eskaintza erakargarria egitea. “Horrekin batera, eskaintzaren izaera askotarikoa ere bereziki zaindu dugu programazioa osatzeko orduan, eta hori dela eta, gustu eta kultur adierazpide ezberdinak hartu ditugu kontuan”. Halaxe azaldu du Manuel Moreno Topagunearen Kultugintza saileko teknikariak. Bizkaiko Kultura diputatu Josune Ariztondok, berriz, Osteraren programazioaren izaera askotarikoa azpimarratu du. “Euskaraz ere baditugu gustu guztiak asetzeko moduko ikuskizunak, denak ere kalitate handikoak, eta Udagoieneko Osterak argi uzten du hori”, adierazi duenez.
50 artista baino gehiago
Artistentzat ere haien lanak erakusteko primerako aukera da Udagoieneko Ostera. Guztira, hamaika musika eta antzerki talde jarriko ditu dantzan kultur zirkuituak, 50 artista baino gehiago: Xabi eta Fredi Paya, Onintza Enbeita, Uxue Alberdi eta Sustrai Colina bertsolariak Patxi Gallego marrazkilariarekin batera; Iban Garate, Aitziber Garmendia, Ana Elordi, Ane Zabala, Galder Perez, Jon Plazaola, Asier Hormaza, Ainhoa Aierbe eta Aitor Gabilondo aktoreak, Ama Say, Piztiak, Oreka TX eta Su ta Gar, Petti, Zura, Mikel Markez eta Seiren musika taldeak…