Izatez, gaixotasunen sorlekua da espetxea. Baina, egoera "are eta larriagoa bilakatzen da" euskal preso politikoen kasuan, Etxeratek salatu duenez, "ezartzen zaien espetxe politika berezituagatik". Horren adibide jarri ditu euskal preso politikoen senideen elkarteak "konfiantzazko medikuen asistentzia ukatu edota mugatua dutela, espetxeetako mediku eta funtzionarioen kolaborazio eskasa, ospitaleetara egin beharreko irteerak behar bezala ez egitea, sakabanaturik eta urrundurik dituztela, eta gainera isolaturik mantentzen dituztela kasu askotan". Hori gutxi balitz bezala, "espetxe eta epaitegiek sistematikoki ukatzen dute preso gaixo hauek duten askatasunerako eskubidea", gaineratu dutenez.
Horiei osasun eskubidea bermatzea zor zaien heinean, gaixotasun larriak eta sendaezinak pairatzen dituzten 14 preso politiko "berehalako askatzea" exijitu du Etxeratek. Bide horretan, oro har euskal jendarte osoari eta, bereziki, osasunaren defentsa eta zaintzari lotuta dauden profesionalei, egoera larri honi "ahal den eta erantzun eraginkorrena "emateko deia luzatu diete.
Etxeraten oharra:
Espetxea gaixotasunen sorlekua da, osasun asistentzia eskasagatik, arduradunen interes ezagatik, prebentziorik eza eta diagnostikoak egiteko frogen atzerapenagatik, infekzio arriskua biderkatzen duelarik.
Egoera hau, gure senide euskal preso politikoen kasuan are eta larriagoa bilakatzen da ezartzen zaien espetxe politika berezituagatik: konfiantzazko medikuen asistentzia ukatu edota mugatua dutelako, espetxeetako mediku eta funtzionarioen kolaborazio eskasagatik, ospitaleetara egin beharreko irteerak behar bezala ez egiteagatik, sakabanaturik eta urrundurik dituztelako, eta gainera isolaturik mantentzen dituztelako kasu askotan. Beste eskubideen artean gure senideei osasun eskubidea bermatzea exijitzen dugu.
Gaixorik edo osasun arazoekin diren presoen artean badira batzuk, 14 zehazki, gaixotasun larriak eta sendaezinak pairatzen dituztenak. Nahasmen psikotiko, epilepsia orokortua, diabetesa urteekin larriagotua, minbizia edota bihotzeko arazo larriak dituzte.
Askatasun eskaera guztiek ukazioa izan dute erantzun bakar gisa, izan ere espetxe eta epaitegiek sistematikoki ukatzen baitute preso gaixo hauek duten askatasunerako eskubidea. Guk senideok, preso gaixo larrien berehalako askatasuna exijitzen dugu.
Deialdia luzatzen diogu euskal gizarteari oro har, baina eta bereziki osasunaren defentsa eta zaintzari lotuta dauden profesionalei, egoera larri honi ahal den eta erantzun eraginkorrena emateko.