Uribe Kostako gainontzeko ordezkariei dagokionez, Muskizko kanporaketaren ostean Peru Vidalentzat, Itxaso Payarentzat bezala, lehiaketa bukatu dela esan daiteke. Arrate Illarori, berriz, gauzak aldapa gora jartzen hasi zaizkio, baina oraindik badago aukera aurrera egiteko. Izan ere, Zeanurin erdietsitako puntuek finalaurrekoetarako txartela eskuratzeko balio duten ikusteko apur bat itxaron beharko du. Kontuan hartu behar da 18 lagunek kantatuko dutela Itzubaltzeta / Romo, Gernika-Lumo eta Markina-Xemeinen baina haietako 7 iazko finalistak eta beste 5 kanporaketen irabazleak izango direla. Momentuz gelditzen diren sei lekuetarako hirugarren dago Illaro, Eñaut Intxaurragaren eta Jabi Olibaresen atzetik, eta oraindik beste kanporaketa bat gelditzen da, igandekoaz aparte.
Handik aurrera, hiru finalaurreak burutuko dira, Xabi eta Fredi Paya algortarrak, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuria aurreko txapelketako finalistak zuzenean haraino helduko direla. Haiekin batera, kanporaketetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste sei bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoak azaroaren 23an, Gernika-Lumo frontoian, 30ean Markina-Xemeingo frontoian eta abenduaren 7an Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarriko duten karpapean izango dira. Azkenik, 8 finalistek lehia gogorra izango dute Barakaldoko BECen, Jon Azpillagak nori jarriko dion txapela azken unera arte ez dugula jakingo.
"Lau oinak emanda"
Bitartean, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak antolatutako saio osagarrien barruan, argazki erakusketa berezia izango da astelehenetik aurrera Zazpi Kaleetako Burtsa Zaharrean. "Lau oinak emanda" izenburupean lau argazkilariren lanak batzen ditu Lankuren erakusketa honek. Lau begirada bertsolaritzari. Galder Izagirre, Gari Garaialde, Alberto Elosegi eta Raul Bogajo argazkilarien begiradak, hain zuzen ere. Azaroaren 8ra arte egongo da zabalik.
Hona hemen etzi lehiatuko diren bertsolarien fitxa:
Jone Uria
1990an jaiotako algortarra. Bizkaiko eskolartekoetan txapeldun izandakoa txikietan zein nagusietan. Aurtengo Ipar Uribeko txapeldunordea da eta lehenengoz parte hartuko du Bizkaiko Txapelketan.
Miren Amuriza
1990an jaiotako berriztarra. Ikaslea. Durangaldeko aurtengo txapeldunordea da eta lehenengoz parte hartuko du Bizkaiko Txapelketan.
Joseba Artza
1978an jaio zen Etxebarrin. Enpresa kudeaketa eta administrazio ikasketak egin ostean, enpresa bateko erosketa sailean dabil lanean. 1996an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko txapelketan eta Euskal Herrikoan ere parte hartu zuen 1997an. 1996an, 2002an, 2004an eta 2006an Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoetara heldu zen. 2006ko Lea Artibaiko txapelduna da eta aurtengo txapeldunordea.
Lander Ibarluzea
1984an jaio zen Etxebarrin. Laugarrenez parte hartu du Lea-Artibaiko bertsolari txapelketan.
Gorka Ostolaza
1980an jaio zen Markinan. Ingeniaria ikasketaz, irakasle moduan dabil beharrean. Lizardi, Axari, Xenpelar eta Osinalde sariketetan parte hartutakoa da. Aurton hirugarrenez jantzi du Lea Artibaiko txapela eta 2000, 2002an eta 2006an Bizkaiko txapelketako finalaurrekoetan kantatu zuen. 2006ko Plazatik Gaztetxera-ko txapelduna.
Arkaitz Zipitria
Zorrotzan jaio zen 1987an, baina Oreretan bizi izan da bost bat urtez. 2000n Arrigorriagara bizitzera joan zen arte. Aurretik gizarte hezkuntzan proba egin ostean, erizaintza ikasten dabil. Lehenengoz parte hartuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketan.