Altzagako Bekoa ikastetxean eguzki panelak jarriko dituzte,
Erandioko Udalak eta
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker. Horren arabera, datozen hamabost urteetan udal eraikinaren teilatuan plakak jartzeko baimena ematen dio tokiko erakundeak EEEri eta Udalak ez du gasturik izango panelak jartzeko obrak egiterakoan. Eguzki planta fotovoltaikoak 5 kilowatio sortuko du eta energia hori zuzenean txertatuko da elektrizitate sare nagusian, udal iturriek zehaztu dutenez. Plantarekin batera informazio pantaila bat jarriko dute lortzen ari den energia eta ustezko erabilerari buruzko unean uneko informazio zehatza emateko. "Horrela, herriko gaztetxoek zein helduek aukera izango dute energia berriztagarrien erabilerari buruzko informazioa eskuratzeko eta ikasteko nola lortzen diren, zertarako erabiltzen diren eta dituzten abantailak", diote tokiko agintariek.