Miren Amuriza nagusitu da Larrabetzun eta Jone Uria finalaurrekoetarako sailkatu da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 2a, 23:29

Miren Amuriza berriztarrak irabazi du gaur Larrabetzuko frontoian jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketa, eta zuzenean sailkatu da finalaurretarako. Amurizaren (403 puntu) ostean, oso tarte gutxira Jone Uria (397,5) gelditu da, matematikoki finalaurrekoetarako txartela eskuratuz. Distantzia gehiagora Joseba Artza (379), Gorka Ostolaza "Potxis" (376,5), Lander Ibarluzea "Atxulo" (362) eta Arkaitz Zupiria (318) gelditu dira, hurrenez hurren. Gauzak horrela, Arrate Illaro algortarrari nabarmen zaildu zaio finalaurrekoetarako bidea, zuzeneko txartelak kenduta sei aulki baino ez baitaude eta dagoeneko algortarra ilaran seigarrena da, Zaldibarreko azken kanporaketa falta dela. Saio irabazlea izan ezik, Zaldibarreko beste bostak Illarok baino puntu gutxiago beharko lukete berak aurrera egin ahal izateko. Argazkian, Miren Amuriza kantari, atzean Jone Uria duela. Irudi gehiago hemen ikus daiteke.

Frontoian batutako 560 bat bertsozaleren aurrean, azken agurrean Joseba Artzak nabarmendu duenez, "dudarik gabe, neska gazteen / terrenoa da bertsoa". Horrela ikusi zen era nabarmenean Ipar Uribeko Bertsolari Txapelketan eta horrela izan da ere gaurko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketan. Hasieratik bukaeraraino, Miren Amurizak edo Jone Uriak abestu dituzte ofizioka edo bakarka egindako lanik txukunenak. Uriak, gainera, lehenengo agurrean abisua eman du, aurtengoa urte garrantzitsua dela berarentzat, ikasketetan, bizitzan eta bertsolaritzan hainbat aldaketa etorri zaizkiola eta jauzia baliatu behar delakoan dago algortarrak "nora iritsiko garen / inportatu gabe". Gainera, bukaeran abestu duenez, "etxean legez sentitu naiz Larrabetzun", ALBEkoentzat eta propio berarentzat gustuko plaza baita Txorierriko herriarena. Uriak bertan usu abestu du, eskualdeko txapelketan bertako kanporaketa irabazi zuen eta, garrantzitsuena, "herri honetan beti baitago / nork txalo bota, nork entzun".

Beren aldetik, Artzak, Ostolazak eta Ibarluzeak ale on batzuk ere bota dituzte, Arkaitz Zupiriak, berriz, bera animatzeko etorritako hintxada handiari saio umoretsua eskaini diola. Izan ere, Arrigorriaga (Arguia, antzinako herriko izena erabiltzekotan) eta Santutxuko jarraitzaileek "Arguiatik ez dira pasako! Zip-zip urra! Egurra" lelopeko pankartari eta saio osoan zehar bildutako txalo zaparradei ederto erantzun die gazteak.

Frontoiak eztanda egin duenean

Zalantza barik saioan zehar entzun diren bertsorik hunkigarrienak Miren Amurizak kartzelako lanean botatakoak izan dira. Bertsolariak gauez kokatu ditu Zuriñe Iarritu gai-emaileak, etxean eta trankil. Bat-batean eztanda ikaragarriak dantzan jarri du etxea. Espainiako erregina den Sofia greziarraren urteurrenaz gain bere amarena ere direla gogoratuz edo amatxuren rola hartuz erantzun du Mirenek:

Nire ametsak amaitu dira,
kristal hotsekaz kolpeka...
Lau hormak ere ondiño dar-dar
egiten dabe tarteka.
Justu-justuan hartu dot jagi
ta arnasa hartzeko beta.
Umeengana abiatu dot
gaur gabeko lasterketa:
neure bizia baino gehiago
maite dodaz eurak eta.

Korrika baten abiatu naiz
nire bildur danen kontra.
Etxe guztia airean dago
baina ez dauzta inporta.
Dirudienez hartu gaitue
eztanda honegaz tiroka.
Umeen gelan sartu naiz eta
besarkada haundi bat bota:
"ein negar, ez dau ezer pasau,
amatxo hemen dago ta".

Negar sotinka hasita dagoz
hau da hau susto makala!
Euren mundua jauzi da eta,
oso jarrera normala.
Nik azalpen bat eman ezina
hori da orain tamala.
Arnasa hartuta hau gainditzeko
egin daigun eginahala,
bihar goizean oroitu daigun
amets gaizto bat bezala.

Bertsolari presoak ETAri buruz kantari

Txalo zaparrada ederra jaso du bueltan Amurizak, lan zaila egin eta bertsoak eztarria urratuz abestu ostean aulkira bota eta ufa luzea bota duena. Bertso horiekin lehia gogorra izan duen Jone Uria atzean uztea lortu du duda gabe. Baina Amuriza ez da bakarra izan lan horretan ondo aritzen, beste preso on batzuk ere izan dira bertan. Hasteko, Jone Uriak berak oso ondo errematatu du bertso bakoitza. Esate baterako, lehenengoan: "une batean eztanda batek / dantzan jarri du etxea. Koadro guztiak okertu dira / eta hau da hau trantzea / (...) / zer da hobea kanpora irten / edo bertan geratzea?". Bigarrenean ere, ondo asmatu du: "suhiltzaile bat neukan ondoan, / erdi larritu bezela. / Eskerrak hari entzun diodan / denok bizirik daudela". Eta baita hirugarren bertsoaren bukaeran: "ETAk bonba bat jarri du eta / deia egiterakoan / esan omen du: 'bonba bat dago banketxeen ondoan'. / Ia tokia ondo zehaztu / dezaketen hurrengoan!".

ETA dela eta ez dela Gorka Ostolaza "Potxis"ek ere euskal gatazkari heldu zion gaia osatzeko baina oso perspektiba ezberdinetik hartuta. Izan ere, "eztanda entzun ta geratu naiz / barrutan hutsik bezala. / Seguru nago neure gizonan / kotxea izango zala" bukatu zuen lehenengo bertsoa, bigarrenean honako hau gehitzeko: "nahiz bonba hori jarri dutenek / ni ez naute hartu aintzat / gauza asko nitun berangan / ez soilik guardia zibil bat". Hirugarrenean, berriz, hartutako rolean sinesgaitza dena baina frontoian harrera ona izan duena bota du Ostolazak:

Negarrez nabil hara ta hona.
Ia galdu dut burua.
Orain bakarrik aurre egin behar...
...hori gauza segurua.
Barruan mina ta etsipena,
ta kanpoan amorrua.
Gauza bat argi daukat, halaere,
nahiz hautsi didan barrua:
bonba ipini dutenek soilik
ez daukatela errua!

Bertsozaleek txalo zaparradak eskaini dizkiote Ostolazari eta baita epaileek puntu mordoxka eman ere, baina dena dela, hor nonbait "Potxis" ez da bapo gelditu kartzelan esandakoarekin, eta epilogoa jarri dio azken agurrean:

Kartzelakoak, epilogo bat
igual merezi duela.
Argi ikusi da batzuen bonbak
asko ikusten direla,
beste aldekoek milaka arma
legeak eta gartzela...
Argi ezagutu aurreko estatu
edo sistema ustela
bonbak jartzeko premirik balu...
jarriko lituzkeela!

Frontoian, bertsozaleak eta pilotazaleak

Kartzelaldiaren aurretik ere saio interesgarria izan da, bizia, dinamikoa, arina. Esate baterako, bakarkako lanean, bota eta segidan erantzun die Uriak Iarrituk jarritako puntuei, baita ederto erantzun ere:

Mikrofonu aurrean / bertsotan gustora...

Hori eskatzea ere / batzutan asko da.
Baina, pasa ondoren / horrela, denbora,
Gustura hurbiltzen naiz / ni mikro ondora.

Bertsozale dogu / ezinbestekoa...

Nor ez da bada orain / horren ustekoa?
Saioan nonbait bada, / bera hara doa
eta guk eskertzeko / daukagu gogoa.

Baina algortarraz gain, bakarkan fin eta umoretsu ibili da Lander Ibarluzea "Atxulo":

Hemen ikusten da / frontoia beteta...

Ta nik publikoagan / jarri dot arreta.
Hasi zaitezte denok / txalo eta barreka:
gaurkoan irabazi / egingo dot eta.

Helduko ete zara gaur 22ra...

Ez dakit, gaur ondo / sartu naiz harira,
baina saioak eman / leikez hainbat bira...
Egun tristeak ere / existitzen dira.

Sabela eta bihotza

Baina, Larrabetzun izandako umore onaren adibiderik onena ofizoko lanetan topatu behar da. Bertan ere neskak aritu dira hoberen bien artean zortziko nagusian zein bakoitzak egokitutako bikotekidearekin zortziko txikian. Azken lan horretatik, Joseba Artza eta Miren Amurizaren lana aipatu beharrekoa da. Uda ostean kilo batzuk galtzea elkar agindu duten lagunek hiru hilabete beranduago dietistarenean topo egin dute. Artzak ederto hasi da: "itxurari begira / baitago mundua, / apustua egin gendun, / ez hain segurua. / Hau da dezepzioa, / hau da apurua: / tripan irabazi dut hanketan galdua!".

Amurizak Artzak irekitako urraduratik egin du eraso: "uda hasi zanetik / mejorau ein zara. / kilo batzuk galtzea / komeniarren, janda / lapikoko okela edo entsalada / Amagaz bizi ezkero / ezinezkoa da". Artzak, baina, bi frenteetan saiatu da defendatzen: "sinistu behar didazu / ari naiz benetan, / bakarrik joaten naiz / asteburuetan". Lortu, ordea, ez du lortu, Amurizak ehizakia joaten ez baitu utzi: "asteburu aldera / amangana pasau. / Beraz alper-alperrik / dieta ta enparau. / Baina animo, Joseba / ez dok hain txarra hau: / plaza gizonak tripa / apur bat behar dau". Artzak dietistari errua botatzeko saiakerak egin ditu orduan, horiek guztioriek alper-alperrik, Mirenen azken atakea ikusita: "baina kilo gehiago / ez bozuz nahi batu / hoba ama itzi ta / andra bat topatu".

Gai aproposa ere izan dute Jone Uriak eta "Atxulo"k, eta punta ateratzen jakin dute. Izan ere, Uriak etxea erosi eta jaia eman du eta lehenengo gonbidatua, Ibarluzea bikotekide ohia, ateraino heldu da, loreak eta guzti. Horrela ikusi du Jonek: "hain guapo ta hain fin, / ordu erdi bat falta / festa hasi dadin". Ibarluzea ere biraoetan edo hasi da: "oraindik polit zaude / ta ia berdina, / ahots gozoa eta / itxura be fina. / Goiz etorri naiz, baina, / izan atsegina, / zugatik estreinatu / baitut esmokina". Baina Ibarluzeari eskuluze jokatzeko aukera kenduz egoeraren gordina bota dio Jonek "Atxulo"ri sukaldera pasatzeko gonbiteaz: "mutila hor ari da / pintxoak prestatzen". Ibarluzeak, berriz, ez du entzundakoa aintzat hartu: "goazen biok poliki / eta pausuz pausu / (...) / Txamarra ateratzera / bidali ezazu".

Eta "Atxulo"ren erasoari errenditu edo murruak altzatu zalantzaka jarri da Uria, bikotekide ohiak ekarritako loreei so: "plastikokozkoak diren / egon naiz begira / (...) / Lorontzi hontan ondo / geldituko dira". Horretaz jabetuta, azken ofentsiba bota du Ibarluzeak bertsozaleen barre algaren artean: "etxea lorez bete / behar zaizu atoan. / Festa aurretik jada / hasita jokoan, / lore faltsurik ez da / ea nora noan: / beste plastikotxoa / daukat poltsikoan".

Jone eta Miren elkarrekin norgehiagoka

Saio osoan zehar oso gertutik lehiatu badira ere, Amuriza eta Uriaren arteko talka zuzen bakarra zortziko handian izan dute, ofizian. Baserrikideak izanda Joneri egokitu zaio baserri bizitzari lotu nahi den lagunaren papera. Mirenek, berriz, atzean utzi nahi du hainbeste zama eta ideia berriak ditu: "baina landetxe bat ipintea / ez da hain txarra, laztana. Mundutik kanpo geratzen baita / aurrera joaten ez dana". Jonek, berriz, ez du begiko entzundakoa: "etorkizunik ez daukala ta / hasi zara atakean. / Etorkizuna beti izango du / oraina duen artean".

Amurizak, Uriaren sentimentalismoa aintzat hartuz, beretzat begi bistakoa dena azaltzen tematu da gero: "baserrin bueltan bizi izan gara / biok ume-umetatik / ta ez doutsogu kalte egingo / zeozer aldatzeagatik / (...) / baina dirurik ez da jauziko / behien errapeetatik". Elkarrizketa luzearen ostean, amaiera jarriz, bakoitzari berea eman dio, azkenik, Uriak: "hemen bakoitzak nahi duen hori / eiteko behintzat aske da / ta landetxean jardungo zara, / beraz, batetik bestera. / Zure jendeak egin dezala / inguru hontan ostera / eta turistak bidali nire / produktuak erostera".

Familia kontuetan ere ibiliak dira "Potxis" eta Artza. Izan ere, neba-arrebak izatea egokitu zaie Larrabetzuko frontoian. Joseba hilabete bat daroa gurasoen etxetik kanpo baina igandero lez bazkaltzera etorri da. Hor hasi zaio gaizki esaka Gorka Ostolaza: "hilabete bat pasa da jada / egin zenuela ihes. / Beti bezala nik jarraitzen dut / aita ta amaren aurrez. / Gau domeka ta zu bazkarira / hurbildu, betiko legez. / Independiente bihurtu zara / baina konsekuentea ez!". Artzak, baina, ez dio urkoari lezioa ematen utzi: "barkatu ez naiz inoiz makurtu / zure teorietara. / Neure amaren etxetik kanpo / daramat azken bolada. / Arrain zopa ta txipiroi hauek / zer gozoak zer pasada / ta taper huts batzuk ekarri ditut / zeozer sobratzen bada". Barre algarak amaitu arte itxaron behar izan du "Potxis"ek ama eta aitaren defentsan ateratzeko: "ta egin nahi diezu burla / ideia duzu guztiz mehea / ta azala mardula. / Seguru nago bazkalostean / paga eskatuko duzula".

Hurrengo kanporaketa, Zaldibarren

Datorren igandean, azaroak 9, Zaldibarreko frontoian izango da hurrengo kanporaketa, arratsaldeko 5.30ean. Bertan, Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Mikel Galarza, Amaia Uribe, Manex Sagarna eta Ander Elortegi arituko dira bertsoetan Beren eskuetan egonda Arrate Illaro algortarra txapelketan aurrera jarraituko duenetz. Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta bakarka, hasierako puntua emanda bertso bi zortziko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda beste hiruna bertso doinu eta neurri librean. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoak, puntuen arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera. Muskizeko kanporaketarako sarreran 8 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 3 euro.

Dagoeneko www.botasarean.biz txapelketarako beren beregi atondu den webgunean, abenduaren 20an Barakaldoko BECen egingo den finalerako sarrerak erreserbatu daitezke. Erreserba egiten duenari etxera bidaliko zaio eskatutako sarrera edo sarrerak (bat baino gehiago eskatuta). Webgunean erreserbak egiteko azken eguna abenduaren 18koa izango da. Hala ere, abenduaren 13tik 18ra eskatzen dutenek, etxean barik, BECeko lehiatilan jaso beharko dute sarrera. Hiru preziotako sarrerak daude: arrunta 16 euro, bazkideentzat 12 euro eta 16 urtetik beherakoentzat 8 euro. Webgunean (www.botasarean.biz) ezezik, BBKren orotarako kutxazainetan edo 944 310 310 telefono zenbakian ere eskuratu daitezke finalerako sarrerak.

Orain arteko sailkapena:

• Igor Elortza, 424,4 puntu. Sailkatua zuzenean.
• Miren Amuriza, 403. Sailkatua zuzenean.
• Oihana Bartra, 402,5. Sailkatua zuzenean.
• Jone Uria, 397,5.
• Eneko Abasolo, 392,5. Sailkatua zuzenean.
• Eñaut Intxaurraga, 380,5.
• Joseba Artza, 379.
• Gorka Ostolaza, 376,5.
• Jabier Olibares, 371,5.
• Arrate Illaro, 369,5.
• Eñaut Uruburu, 367.
• Xabier Enbeita, 365,5.
• Garikoitz Sarriugarte, 364.
• Lander Ibarluzea, 362.
• Iker Belaustegi, 361,5.
• Iñaki Iturriotz, 359.
• Mikel Petuya, 349.
• Peru Vidal, 348.
• Itxaso Paya, 345.
• Olatz Ibarluzea, 342,5.
• Xabat Galletebeitia, 338,5.
• Ander Salaberria 331,5.
• Julen Erezuma, 324,5.
• Arkaitz Zupiria, 318.

Argibide, bideo, argazki eta audio gehiagorako jo zuzen www.botasarean.biz webgunera
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun