Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Espetxeen Egoera txostenean zabaldu duenez, Chateauroux espetxe frantziarrera eraman zutenetik bakarrik dago Manex Zubiaga preso politiko algortarra, bertan beste bi kide izan arren; beste galeria batean baitaude. "Erregimen itxia ezarri diote, ordu beteko patioa goizez (8:00etatik 9:00ak arte) edo kiroldegia. Arratsaldez beste ordu t’erdi patioa. Ordenagailuko disko gogorrean zituen gauzak (musika,…) ezabatu dizkiote. Prakak edo jertsea jartzeko baimena eskatu behar du. Ziegako giltza ere kendu diote", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Zubiaga urriaren 8an atera zuten Soto del Realgo (Madril, Espainia) espetxetik, Lexuri Gallastegi berangoztarrarekin batera, eta 9an Frantziara eraman zituzten biak Espainiako Poliziaren hegazkin batean. Gallastegi Fleury-Merogis espetxean dago, Berangotik 913 kilometrotara. Bestalde, Chateauroux Getxotik 746 kilometrotara dago. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa Berangon.