Arboretuma inauguratu dute gaur Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 4a, 21:14
Eneko Arruebarrena eta Mikel Arieta-Araunabeña Leioa eta Erandioko alkateak bertan zirela inauguratu dute gaur, azaroak 4, bi udalerrien arteko campuseko Arboretuma Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Juan Ignacio Perez Iglesias Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) jarduneko errektoreak. Hezkuntza helburuetarako zein aisialdirako izango den parke botaniko berriak herritar guztientzat egongo da zabalik, unibertsitateko iturriek nabarmendu dutenez. Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako 2 milioi euroei esker, Arboretumak 19 hektarea ditu, 3 kilometroko bide sarez lotuak, eta bertan 130 espezieko 1.700 zuhaitz berri daude, erakusgune bat, anfiteatro bat eta heliosziametroaren plaza. Hala ere, oraindik, asko falta zaio EHUko arduradunek nahi duten parke botanikoa izateko: erakusgunea hutsik, ondo jarri bitartean bideak lokatzez beteak eta udaberriko loraldia heldu artean kolorerik ez dauka. Argazkian, EHUko, Aldundiko eta udal arduradunak zinta mozten.
Arboretuma Leioa eta Erandioko campuseko hego-ekialdeko hegian dago eta EHUren aspaldiko amets bat betetzera dator. 1985etik dabiltza unibertsitateko arduradunak hezkuntzarako zein aisialdirako izango den parke botanikoa buruan. Orain pare bat urte Aldundiarekin lortutako hitzarmenari esker, ideia hori egi bilakatu da gaur. Ildo horretan, foru erakundeak EHUrekin daukan "harreman ona" agerian utzi nahi izan du, gaurko ekitaldian, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak. Bide horretan kokatu ditu Plentziako sendategi zaharrak hartuko duen EHUren Itsas Estazioa eta Bilboko campus teknologikoa. Horiek guztiak, Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta udal ezberdinen artean lortutako akordioei esker gauzatzen ari dira. Hala ere, gaurkoa Perez Iglesiasen ondoan egingo duen era horretako azken ekitaldia izatea tamaldu du Bilbaok. Izan ere, egungo jarduneko errektoreak abenduaren 4ko hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen, bera hautagai bakarra izanda ere maiatzaren 22an galdu ostean. Gaur ondoan eduki duen Iñaki Goirizelaia errektoreordea eta Marisol Esteban Ekonomia Aplikatuan katedraduna lehiatuko dira datorren hilabeteko bozetan.

Eraztun berdea

Bitartean, Arboretumak unibertsitatearen eta Leioa eta Erandio udalerri mugakideen arteko lotura egingo duela nabarmendu du Perez Iglesiasek. Izan ere, "unibertsitateko kideentzat ez ezik, herritar guztientzat ere egongo da zabalik. Horregatik, zuhaitzez ikasteko balio izateaz gain, ahalegina egin da parkeak aisialdirako eta paisaiaz gozatzeko ere aukera eman diezaien bertatik ibili nahi duten pertsona guztiei", azaldu duenez. Arboretumera doazen bisitariek Leioa eta Erandio udalerrien ikuspegi zabalaz gozatu ahal izango dute, haien muino eta basoekin, eta Lertutxeko urtegia ere ikusiko dute bertatik. Hartara, "ibiltzea gogoko dugun guztiontzat", campusetik igarota "parkez parke" Leioa eta Erandio lotuko dituen "eraztun berdea" osatzea proposatu die bi udalerriotako alkateei EHUko jarduneko errektoreak.

Gune berezituak

Land Art Studio 2002 izeneko arkitektura estudioak diseinatu zuen Arboretuma. Enpresa horrek irabazi zuen 2007ko otsailean -lanak 2008an hasi ziren- EHUk ateratako proiektu lehiaketa. Parkeak 19 hektarea ditu, eta 3 kilometroko bide sare batek lotzen ditu haren alderdi desberdinak. Hasieran oso landaredi interesgarria ageri zuen gune batzuetan, eta hori errespetatu egin da, han-hemen zertxobait garbituta. Horri landaretza berria gehitu zaio. Gauzak horrela, Arboretumean zenbait gune berezitu dira, bertan dauden landare espezieak antolatu nahian.

Batetik, berezko arboretumean, Bizitzaren Basoaren (zientziari euren gorputza eman ziotenen omenezko monumentua da hori) hegian dagoena, Euskal Herriko basoetako habitat naturalak aurkezten dira: pagadiak, urkidiak, artadiak, hariztiak... Leioara doan errepidearen ondoko arboretum emankorrean, berriz, industria edo elikadurarako erabiltzen diren landare-espezieak biltzen dira. Horretaz gain, Euskal Herriko klimaren antzekoa duten munduko beste toki batzuetako espezieak jarri dituzte Asia eta ekialdeko arboretumean, Medikuntza eta Odontologia Fakuntatearen behealdeko hegian.

Bestalde, Arboretumean erakusketa eta hezkuntza helburuetarako zenbait elementu txertatu dira. Hala nola, erakusgunea, Arte Ederretako ikasleen artelanak ikusgai jartzeko eta ikastaro nahiz hitzaldiak emateko; anfiteatroa, lurraren berezko sakonune batean eraikia: eta heliosziametroaren plaza. Azken horretan jarriko dute orain dela urte batzuk campuseko beste leku batean zegoen eguzkia aztertzeko tresna.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun