Ayuda Mas gobernuz kanpoko erakundea herrialde batzuetako, esate baterako, Peru, Ekuador, India eta Txinako auzo txiroetako herritarren alde ari da lanean 1994tik hona. Bere helburuen artean daude "hezkuntza eta osasun zainketa ahalbideratzea, giza eskubideak sustatzea eta aldaketa prozesuetarako emakumezkoak prestatzea", GKE horretako arduradunek azaldu dutenez. Fundación Centro de Promocion Social de Rio Manta tokiko erakundearekin elkarlanean, Ekuadorreko ikastetxe batzuetan nerabeen drogazaletasuna prebenitzeko egitasmorako izango da oraingoan bildutako dirua, azken urteotan herrialde horretako gazteen artean drogen kontsumoa areagotu baita. Egitasmoaren beharra bertoko neska-mutilen bizimoduei buruz egindako ikerketak utzi du agerian. Azterketa lan hori 2006an eta 2007an Getxoko Udalaren laguntzarekin aurrera eramandako proiektuaren barruan burutu da. Laguntza hori eskertu ondoren, Ayuda Mas erakundeko arduradunek, Maria Gonzalez presidenteak eta Teresa Gomeza diruzainak, mota honetako egitasmoetan "prebentziorako heziketak duen garrantzia” nabarmendu dute.
1.400 gazteei zuzenduta
Egitasmoaren onuradun zuzenak Mantaizeneko kantonamenduko 11 eta 29 urte arteko 1.400 bat gazte izango dira. Proiektuak neska-mutil horien heziketari eman nahi dio lehentasuna, "drogak hartzeak dakartzan arriskuez ohartarazteko". Horretarako, honako jarduera hauek eramango dituzte aurrera: drogen kontsumoa prebenitzeko irakasleei trekuntza ematea, kontsumoari aurre egiteko jarduera batzuk eskola curriculumean sartzea, eskola lehiaketa antolatzea eta familiekin prebentzio lana egitea.