Mikel Arieta-Araunabeña alkate jelkideari auto ofiziala erosteko Erandioko Udalak omen daukan asmoa kritikatu du tokiko Alderdi Popularrak. Javier Ruiz PPren bozeramailearen arabera, 38.000 euroko kostea izango du ibilgailu berriak. Gauzak horrela, zergak eta tasak %4 igo eta gutxira -popularrak aurka agertu ziren-, dirua "gutizia batean gastatzea" egotzi dio udal agintariari Erandioko PPk. "Alkateak irabazten duen ordainsaria -67.000 euro urtean, popularren hitzetan- aski nahikoa da, erandioztarrek Bizkaia osotik paseatzeko autoa pagatu behar izan diezaiogun", kexatu da Ruiz. Bestalde, oposizioko zinegotziari "zeharo eztabaidagarria" iruditzen zaio egoera, "kontuan hartuta udalerriko hainbat auzok (Goiherri, Fano, Arriaga edota Erandio Landako hainbat gune) saneamendu sarerik ez dutela, Udal Gobernuaren gaitasunik ezaren ondorioz". Argazkian, Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramailea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!