Imanol Landa jelkideari alkatzeta kentzea "Getxoko PSE-EEren esku" dagoela adierazi dio Luis Almansa tokiko sozialisten bozeramaileari Alderdi Popularrak. "Kokoteraino gaude beti alkatearen egitasmoekin kexuka agertu eta egun bat, eta bestea eta hurrengoa ere epaitegira eramango duela mehatxu egitea. Bere esku dago zentsura mozioa babestu eta EAJ udal gobernutik kentzea. Bertatik gobernatu ahal izango du Almansa jaunak getxoztarrentzat", adierazi du Marisa Arrue Getxoko PPren eledunak. Ildo horretan, "sozialistek ohituta gaituzten anbiguotasuna behingoz alde batera utzi eta hauteskunde kanpainan emandako hitza betetzea" eskatu dio Almansari Arruek. "EAJ eta Landa jauna alkatetzatik kentzeko ezertxo ere egiten ez badu, Getxoko PSE-EErena izango da Terraza botatzearen errua", gaineratu du bozeramaile popularrak. Izan ere, Udal Gobernuak Algortako Ereaga hondartzako taberna hori bota eta eraikin berria eraikitzeko proiektua kritikatuz, Almansak gaur emandako prentsaurrekoak eragin ditu Arrueren hitzak. Argazkian, Arrue eta Almansa erdian, aurreko batean batera prentsaurrekoa ematen.