Hastear dagoen hauteskunde kanpainaren aurrean, egindako hausnarketa plazaratu zuen atzo Euskal Herrirako Unibertsitatea: Gure Helmuga plataformak. Taldea EHUko Errektoretzarako aurreko hauteskundeen aurrean sortu zen bi ideien inguruan: lehena, "une honetan non Unibertsitate guztiak aldaketa sakonak bizitzen ari diren, nolako unibertsitatea egin behar dugunaren inguruko eztabaida lehenesten genuela", eta bigarrena, "ildo horretan bestelako unibertsitatea posible zela eta horren ezaugarri batzuk aurreratzen genituen", emandako prentsaurrekoan Amaia Andrieuk azaldu zuenez. Dinamika horren harira, 300 bat irakasle eta AZPko langilek bat egin zuten manifestuarekin eta euren mezua unibertsitarioen artean zabaldu zuten. Oraingo honetan, EHUko Errektoretzarako hauteskunde berrien aurrean, "eztabaida bultzatzearekin konprometituta" jarraitzen dute plataformako sustatzaileek. "Gainera, orain, dirudienez, bi proiektu aurkeztuko direnean, askoz garrantzitsuagoa ikusten dugu kudeaketara baina haratago doan unibertsitate ereduaren inguruko eztabaida bultzatzea", Andrieuk azaldu zuenez.
Batzar informatiboak, foroak...
Ildo horretan, euren manifestua helarazi eta beraiekin biltzeko eskaera luzatuko diete hautagaiei, ziurtatu zutenez. Bestetik, campus ezberdinetan batzar informatiboak konbokatu eta foro ezberdinetan euren mezua zabaltzen hartuko dute parte. Izan ere, maiatzean bezala, plataformak ez du abendurako hautagairik aurkeztu, "baldintzak berberak direlako". Euren ustez, hautagaia doktorea izan behar izatea "baztertzailea" da, "horrek gauzak hobeto egingo direla ez duelako inondik inora bermatzen". 2004ko bozetan hautagai izandako Iñaki Antiguedadek ere plataformak abenduaren 4rako ordezkaririk aurkeztu ez izana defendatu zuen, "asmoa unibertsitatea beste oinarri batzuetatik planteatzeko baldintzak sortzea izanik, hobe delako lehia hutsetik kanpo egotea". "Guk ez genuen plataforma hau sortu hautagai baten edo bestearen lobby bezala aritzeko, baina aurreko hauteskundeetan gertatu zen bezala argi daukagu hauteskundeetan jokoan dagoena da bultzatu nahi den unibertsitate eredua", plataformakideen azaldu zutenez. Ildo horretan, kanpaina hautagaien programak, errektoretza taldeak eta diskurtsoak ikusteko eta aztertzeko auketzat hartu dute.