Joan den den astean, infantilizazioa izan zuten hizpide, Leioako Askartza Claret ikastetxe erlijiosoan, bertako
Ikasle Abertzaleek (IA) antolatutako solasaldian; baita "arrakastatsua" suertatu ere. "Izan zen sartu ezinik kanpoan geratu behar izan zuen bat baino gehiago, guztiak ez zirelako hitzaldirako hartutako ikasgelan sartzen", adierazi dutenez.
Uribe Kostako IAk jakinarazi duenez, aurten sortu dute ikasle taldea aipatu hezkuntza zentro pribatuan eta "buru-belarri" dabiltza "moskeo-kanpainarekin, irakasleen kontrola salatzen eta ikasleon eskubideak aldarrikatzen". Arazoak eduki arren, "tinko-tinko dabiltza ikasle mugimendua indartzen eta hedatzen". Salatu dutenez, kartelak kentzen dizkiete, biltzeko baimenik ez diete ematen eta "presio psikologikoa" ere egiten omen diete ikastetxeko arduradunek eta irakasleek. Hala ere, Askartzako IAk hainbat hitzaldi antolatzen ari da, "ikasleria subjektu iraultzailea bihurtzeko zein esaneko ikasle pasiboak eta akritikoak suntsitzeko". Argazkian, infantilizazioari buruzko hitzaldia.