Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta,
Iñaki Murua eta
Mikel Mendizabal bertsolariek euren eskarmentu handia erakusteko aukera izango dute ostiral honetan, azaroak 7, Algortan. VI. Bihotza Gazte bertso-festaren osagai nagusiak izango dira Murua gabiriarra eta Mendizabal itsasondoarra, 52 urtekoak biak, baina inondik inora ez dira osagai bakarrak izango. 21:00etatik aurrera, beraiekin batera, Urola bailarako
Kupela taldekoak arituko dira Kasino ondoko The Piper's taberna irlandarrean. Xabier Alberdi Zabale trikitilaria, Angel Larrañaga pandero jole, bertsolari eta abeslaria eta Juan Ezenarro Berastegi perkusio jolea batzen dituen hirukoteak trikitixa, musika eta animazioarekin osatuko du bertsolari gipuzkoarren saioa. Sarrera doakoa da. Bitartean, bihar hasi eta igandera arte luzatuko dira
San Martin jaiak Algortako Hezetasun auzoan.