Publikatu.com iragarki sarea eta Arraytxiki web laborategia aurkeztu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 6a, 21:59

Blogosfera euskaldunak bi tresna berri jaso zituen atzo, Gorka Julio "Teketen" informatikariaren eta Haritz Rodriguez kazetariaren eskutik. Esate baterako, atzo goizean aipatutako blogari ezagunek Arraytxiki Web Laborategia izeneko egitasmoa eta bertatik jaiotako Publikatu.com iragarki zerbitzua komunikabide eta internautei aurkeztu zizkieten, umore handiz, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Gorka Juliok nabarmendu zuenez, array oso hitza erabilia da programazioan, bektore esanahiarekin, eta berak eta Rodriguezek orain arte egindako "gauza txikiak" bilduko dituena izango da Arraytxiki.com webgunea. Baina, dagoeneko internauta euskaldunen erreferenteak diren Euskaltube edo Txioka bezalako tresnez gain, proiektu berriak lantzeko aukera izango da, haietako lehena publikatu.com izan dena, euskarazko gune elektronikoak metatuz horiek publizitate merkatuan lehiatzea erraztu nahi duena, alegia. Argazkian, aurkezpenaren ostean egindako fish&txips topaketa / Arraytxiki.com

Gauzak horrela, Juliok, Arraytxiki Web Laborategiaz aritu zen, azalduz proiektu hori orain arte pertsona ezberdinek interneten, eta nagusiki euskaraz, sortu dituzten web aplikazioen bilgune izateko bokazioarekin jaio da. Izan ere, Juliok eta Rodriguezek hainbat webgune ezagun sareratu dituzte azken urteotan, besteak beste, bideoak partekatzeko Euskaltube.com, lastermarkak gordetzeko Bildu.net, euskarazko albisteak bilatzeko Zerberri.com baita Txioka.net izeneko sare soziala.

Bada, aurrerantzean, egitasmo horien guztien garapena eta mantentzea bere gain hartuko du Arraytxiki Web Laborategiak, eta hemendik aurrera sortuko diren proiektu berriak ere laborategi horren baitan garatuko dituzte elkarlanean. Gainera, laborategitik irteten diren egitasmoen arteko trakzioa indartzea ere du helburu, haien erabilpena sustatuz.

Arrain berrientzako akuariuma eta fish&chips topaketak

Laborategiak, bestalde, parte hartzeko tresnak ere jarriko ditu behar dituenaren eskura. Arraytxiki.com izeneko webgunean esperientziak eta jakituria partekatzeaz gain, “egitasmo hau ostatu hartuta dagoen zerbitzarian badago beste batzuentzako tokia ere, eta toki hori jendeak esperimentuak egin ditzan erabiltzea nahi dugu”, esan zuen Juliok. Akuariuma izeneko atalaren bitartez, Arraytxiki Web Laborategiak webgune berrien sorkuntza sustatu nahi du eta, horretarako, laborategian jasotako ideiak aztertu ondoren doako ostalaritza eskainiko zaie egitasmoak garatu nahi dituzten norbanako edo elkarteei, inolako konpromisorik gabe.

Gorka Juliok adierazi zuenaren arabera, hala ere, Arraytxiki Web Laborategiak mundu birtualean ez ezik mundu fisikoan ere indartu nahi du pertsona berritzaileen arteko harremana. Helburu horrekin antolatuko dituzte hilabetero Blogs&Beers bilkuren atzerakoa izan nahi duten Fish&Txips topaketak. Gaur egungo dute lehenengo saio ofiziala, nahiz eta atzo bertan bat-bateko saioa egiteari ekin zioten.

Arraytxiki Web Laborategiaren topagune nagusia, hala ere, blog moduan sortu duten webgunea izango da. Bertan egongo da laborategiaren inguruko informazio guztia, hala nola, Arraytxiki Sarea, Akuariuma eta bestelako albisteak. Gainera, harremanetarako bide nagusi bilakatzea espero dute arduradunek.

Publikatu.com

Haritz Rodriguezek, bere adetik, laborategitik atera berri den lehenengo egitasmoaren xehetasunak eman zituen. Publikatu.com du izena eta, funtsean, interneten publizitatea zerbitzatzeko sistema aurreratua da. Rodriguezen esanetan, Arraytxiki.com eta Publikatu.com egitasmo anaiak dira, proiektu berberaren bi oinak. Gaineratu duenez, bata ez litzateke posible izango bestea gabe, eta alderantziz. Publikatu, beraz, Arraytxikiren finantzaketa sistema da nagusiki.

Arduradunaren aburuz, “euskaraz dauden webguneentzat, maiz, oso zaila da publizitatearen merkatuan txoko bat egitea. Askotan, iragarleentzako, alegia, iragarkiak kontratatzen dituztenentzako, ez dira erakargarri, ustez bisita kopuru gutxi dutelako”. Horregatik, eta Arraytxikiren indar metaketaren filosofiari jarraituz, Publikatu.com-ek iragarkiak hainbat webgunetan banatzeko aukera ahalbidetuko du. “Guztien trafikoa batuta, iragarkien merkatuan erakargarri bilakatuko den eskaintza izango dela uste baitugu”, esan du aurkezpenean. Arraytxikik, beraz, publizitate hori zentralizatu eta erakusleiho sare zabal batean banatuko du.

Mementuz, Publikatu.com zerbitzuak iragarkiak hilabetero 100.000 aldiz erakusteko gaitasuna duela esan du Rodriguezek. Izan ere, dagoeneko Euskaltube.com, Txioka.net, Bildu.net eta Zerberri.com webguneetan jarriko ditu ikusgai iragarkiak. Gainera, Arraytxikiz kanpo iragarkiak plazaratzeko lehenengo tokia ere hitzartu dute Publikatu.com-en arduradunek. Hemendik aurrera, Zabaldu.com-ek ekimenarekin bat egin eta publizitatea eramango baitu. Azken hau, azpimarratu duenez, euskarazko hedabideen artean webgunerik bisitatuenetakoa da. Zerbitzua abian jarri dutela ospatzeko, eskatzen duten lehenengo 50 entitateei 2.000 inpresio oparituko dizkiete, gainera.

Baina publikaturen zerbitzua ez da hor amaitzen. Izan ere, erakusleiho hori handitzea da zerbitzuaren helburua orain, sareak ahalik eta bisitari kopuru handiena izan dezan eta iragarleentzako gero eta erakargarriagoa suertatu dadin. Horregatik, Publikatu.com zerbitzuari kontratatzen zaion publizitatea beste webgune batzuetan ikusgai egoteko aukera zabalduko du zerbitzuak. Alegia, hirugarren webguneei ere eskainiko diete iragarkiak atari horietan ikusgai jartzeko aukera, ondoren irabaziak partekatzeko.

Lankidetza oinarri

Arraytxikiren helburua webgune ezberdinen arteko trakzioa eta erabilpena sustatzea denez, erakusleiho sareko kide bilakatzen diren webguneek beren publizitatea ezarri eta kudeatzeko gaitasuna izango dute. Alegia, kanpoko publizitatea erakusteaz gain, erakusleiho sareko kide diren webguneen bannerrak ere egongo dira bueltaka Publikatu zerbitzuaren bitartez. Beraz, lankidetza formula hau beste webguneentzako erakargarri izatea espero dute, batetik, dirua irabazteko aukera eskainiko dielako eta, bestetik, beren webgunea sare horretan sustatzea ahalbidetuko duelako. Bestalde, iragarkilaburrak.com webgunearekin "guztiz osagarria" dela azpimarratu zuen Haritz Rodriguezek.

Amaitzeko, Publikatu.com zerbitzuak ere bere webgune propioa duela gogorarazi zuen Rodriguezek. Atari honen bitartez, nahi duenak “publizitate tarifa lehiakorrak” ikus ditzake eta interesgarriak iruditzen bazaizkio harreman formularioaren bitartez administrazioarekin kontaktuan jar daiteke. Erakusleiho sarea handitzen joan ahala, webgunean egongo da zerrendatua, halaber. Eta, azkenik, bezeroek nahiz erakusleiho lanak egiten dituzten lankideek publizitate kanpaina guztien gaineko kontrola izango dute, erabiltzaile izen eta pasahitza emango baitzaie kudeaketa sistemako sarbidea izan dezaten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun