Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak 6 urteko espetxe zigorra eta 7.200 euroko isuna eskatu du Zigor Goikoetxea gazte getxoztarrarentzat, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Beraren kontrako salaketa jarri zuen Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak, abuztuaren 10ean Algortan ospatu zen San Lorentzo azokan "heriotza mehatxuak" egin zizkiolakoan. Horren ostean, Goikoetxea deklaratzera deitu eta espetxera sartu zuten. Gerora, Arruek berak, San Lorentzo azokan izan ei ziren PPko beste zinegotzi bik eta horien bizkartzain bik deklaratu dute epailearen aurrean. Fiskalak “agintaritzaren aurkako atentatua” eta mehatxuak leporatzen dizkio. Egun, Segoviako (Espainia) espetxean dago gazte getxoztarra. Argazkian, Zigor Goikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko, abuztuaren 26an egindako manifestazioa / Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!