Leioako Musika Eskola berriz ere ospakizunetan murgilduta dago, oraingoan Kantika Koralak Tolosako Nazioarteko 40. Lehiaketan eskuratutako zilarrezko sariarengatik. Haurren saioa, jende gehien batu zuena, joan den larunbatean ospatu zen Leidor antzokian. Guztira bost abesbatza hartu zuten parte maila honetan. Hauetariko bi, Prague Philarmonic Children´s Choir txekiarra eta Vdokhnovenije errusiarra, aurreko edizioetan irabazle absolutuak izan dira. Kantikak egitarau berritzailea aurkeztu zuen. Besteak beste, J. Busto euskaldunaren obrak, T. Stokes kanadarrarenak, AEBetako J. Berkley-renak, edota H. L. Hassler alemaniarrarenak abestu zituen. Horretaz gain, derrigorrezkoa zen Tolosako David Azurzaren “Ihauteri Habanerak” obra ere bai. Esan beharra dago, aurkeztutako bertsio guztietatik Leioako abesbatzak puntuaziorik altuena jaso zuela. Epaimahaiak, bestalde, eszenaratze zaindua eta egitaraua aukeratzerakoan Kantikak egindako apustu arriskutsua baloratu zituen, "nahiko ezezaguna eta koreografiaren protagonismo nabarmenekoa" zelako. Argazkian, Leioako Kantika Korala / La idea del norte.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!