Beste zenbait serietan aldi baterako jardun ondoren, "The 'Nam" komikian egin zuen lan. Serie horretan Vietnamgo guda islatu zuen beterano baten ikuspegiaz baliatuta. Goldenek bere estiloa aldatu zuen eta karikaturak erabili zituen istorioen izugarrikeriari gailentzeko. "The 'Nam" utzi eta gero beste zenbait serietan lan egin zuen Marvel eta DC argitaletxeentzat: "Bucky O"Hare" eleberri grafikoa marraztu zuen, baita hainbat komikiren azalak egin ere.
Frances eta Roca
Victoria Frances ilustratzaile valentziar gazteak arrakasta handia lortu zuen bere lehenengo lanarekin: "Favole" (2004). Lan horretan nabaria da genero gotikoak, sinbolismoak eta magiak berarengan eragiten duen erakarpena eta Goetheren, Poeren, Baudelaireren eta Bram Stokerren literaturaren eragina. Iaz, "El corazon de Arlene" liburua kaleratu zuen eta, horretan, fantasia mundu bat erakusten du. Marrazkietan mundu magiko eta oniriko baten ilusioa eta egungo errealitate soziala eta kaotikoa uztartzen ditu. Gaur egun Frances zenbait estilo eta gairekin esperimentatzen dabil.
Azkenik, Paco Roca valentziarra merkatu europarreko artista ospetsuenetariko bat da. "Gog" (2000), "El juego lugubre" (2001) eta "Hijos de la Alambra" albumak marraztu ditu, besteak beste. 2004. urtean "El faro" kaleratu zuen eta Tenerifeko Diario de Avisos sari famatua eskuratu zuen Gidoilari Onenaren mailan. Iaz "Arrugas" albuma egin zuen, Alzheimerren gaixotasunaren inguruko lana eta kritika ezin hobeak jaso zituen. Orain dela gutxi Gran Guinigui saria eman diote Luccako (Italia) Nazioarteko Komiki Jaialdian, istorio luze onenaren mailan. Ospe handiko saria da hori, Europako zaharrenetako bat da-eta. Horrez gain, beste sari batzuk ere eskuratu ditu, besteak beste, 2008ko Bartzelonako Komiki Azokan Lan Onenari eta Gidoi Onenari emandako sariak lortu ditu Rocak. Gaur egun "Las calles de arena" albumean ari da lanean, Frantziako merkaturako prestatzen ari den lana, hain zuzen ere.