Ertzainen "burmuinerako" beste 8 milioi
Gainera, Javier Balza Barne sailburuak atzo jakinarazi duenez beste gastu eta inbertsioen artean, bere Sailak zortzi milioi euro bideratuko ditu Erandio Landako Ertzain hirian dagoen eta Ertzaintza osoaren burmuin informatikoa den sistema informatiko zentralaren kapazitatea areagotzeko. Batez ere, azaldu zuenez, gertaeren kudeaketa eta polizia informazio sistemak berritzeko garapen informatikoetan gastatuko dute aipatu dirua.
Segurtasun pribatua ertzain-etxeetan
Segurtasun enpresa pribatuek 2004an ekin zioten Ertzaintzako Erandio Landako eta beste instalazio batzuk zaintzeari, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak azpikontratatuta. Horretarako, Javier Balzak jarri zituen argudio nagusiak kosteen merkatzearena eta ertzainen kopuru txikia izan ziren.
Baina, bi urte beranduago ikusi zenez, azpikontratatutako guardien arabera gehiegi merkatu ziren kosteak. Erandio Landako ertzain-hiria zaintzen zuten Prosegurreko 34 guardiek grebari ekin zioten eta horretan egon ziren sei hilabete lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Izan ere, salatu zutenez, 925 euro kobratzen zuten 8 eta 12 ordu bitarteko jardunak egiteagatik. Herrizaingo Sailak uko egin zion zaindarien eta Prosegurren arteko gatazkan sartzeari, baina greba iraun zuen bitartean ertzainak jarri zituen zaintza lanetan. Garai horietan ere, Prosegurreko zuzendarietako batek Erandio Landako polizia instalazioen seguritateari buruzko txosten bat galdu egin zuela jakin zen. 74 orriko dokumentua abioi batean laga zuen ahaztuta eta hilabete t'erdiz Loiuko aireportuko galdutako gauzen biltegian gelditu zen. Egun, Ombuds enpresak darama Erandio Landako segurtasuna.