Auzitegi Nazionalean epaituko dute bihar Arkaitz Goikoetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 3a, 18:45

Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte ostegun honetan, abenduak 4, Arkaitz Goikoetxea getxoztarra eta beste sei mutil bizkaitar. 2001eko abuztuaren 5ean Portugaleten izan ziren kale istiluetan, ertzainen auto baten kontra koktelak botatzea leporatzen diete zazpiei. Fiskalak 31 urteko espetxe zigorra eskatzen du bakoitzarentzat. Goikoetxearekin batera, Barakaldoko Egoitz Coto eta Bittor Franco, Trapagako Zigor Blanco, Bilboko Sebas Gurtubai, Santurtziko Aitor Urtasun eta Portugaleteko Ander Arrillaga gazteak daude auziperatuta. Azkorrikoari dagokionez, uztailaren 22an atxilotu zuten. Egun berean, Aitor Kotano, Mikel Saratxo eta Iñigo Gutierrez algortarrak eta beste 5 lagun ere atzeman zituen Guardia Zibilak Bilbon, Algortan, Elorrion, Galizian eta Malagan egindako operazioan, Bizkaia komandoko kide edo laguntzaile izatea leporatuta. Bi egun geroago Inge Urrutia algortarra harrapatu zuten eta handik hiru egunera aske utzi, Adur Aristegi eta Libe Agirre elorrioarrekin batera, 12.000 euroko fidantza ordaintzeko baldintzapean. Guztiek torturak salatu zituzten. Saratxo, berriz, urriaren 31n libre geratu zen. Fidantzarik gabe askatu badute ere Fiskaltzak gaztearen aurkako kargu guztiak mantentzen ditu eta astero sinatu behar du. Argazkian, Goikoetxea eta beste hiru gazteen atxiloketak salatzeko Algortan egindako mobilizazioetako bat.

Bihar epaituko dituzten gazteek beti ukatu egin dute kale erasoarekin inolako zerikusirik daukatenik. Baina Ertzaintzak dio txano batzuk topatu zituela gertaeren inguruan eta inputatuen ADN aztarnak aurkitu zituztela txano horietan. 2005eko 5ean ere ziren epaitzekoak, baina bertan behera gelditu zen epaiketa. Besteak beste, Goikoetxea ihes eginda zegoen, beste auzi batengatik Navalcarnero espetxean bi urte t'erdi egin ondoren, 2005eko apirilaren 14an behin behineko askatasuna eskuratu ostean. Bere garaian Gurasoak elkarteak salatu zuenez, "Ertzaintzak azken aldian arazoak izan ditu beren kontra jarritako tortura salaketa ugariekin, eta ADN metodo berria asmatu du zigortu nahi dituen gazteak espetxera sartzeko. Metodo horren bidez saihestu egiten ditu tortura salaketak, inkomunikazioan lortutako deklarazioen inguruko zalantzak eta polizia moderno eta zientifiko gisa agertzen da, inongo kontrol eta berme judizialik gabe poltsikotik ateratzen dituzten ADN aztarnak erabiliz gazte burrukalariak inolako frogarik gabe zigortzeko". Garai horretan, Orkatz Gallastegi berangoztarrari 6 urteko espetxe zigorra sartu zioten, kutxazain bat erretzea leporatuta, horrelako froga bat erabiliz.

Froga zalantzagarriak

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, berriz, kasu hori "kate baten beste begi bat besterik ez" dela adierazi zuen orduan. "31 urterako kondenatu nahi dituzte hauek, Euskal Herriaren askatasun prozesuan inplikatutako gazteak direlako besterik gabe. Ez dugu hauen errugabetasunaz inor konbentzitu nahi, baina argi eta garbi esan behar dugu inolako frogarik gabe ezin dela inor zigortu", salatu zuen. Ildo horretan, Ertzaintzak erabiltzen ari den "metodo berria" gaitzetsi zuten, "inork ez dakien nondik atera dituzten ADN aztarna horiek ezin direla froga modura aurkeztu" esanez. Horretaz gain, "Ertzaintza bere 'fitxategian' sartuta dauzkaten guztien ADN aztarnak jasotzen sistematikoki ari dela", salatu zuten, "gero holakoetan edo bestetan erabili ahal izateko!".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun