Etxeratek Txantreako (Iruñea) Mikel Gil Cervera "Kurika" euskal preso politikoaren egoera larria salatu zuen asteazkenean emandako prentsaurrekoaren bitartez (bideoa ikusi). Aurretik, urriaren 30ean, krisi berri bat pairatu ostean, Gil bere buruaz beste egiten saiatu zela zabaldu zuten. "Azken asteetan bere osasun egoera okertu den arren, Espetxe Erakundeek eta Justizia espainolak 92. artikuluaren aplikazioa edota Iruñeako kartzelara eramateko aukera ukatu du", salatu zutenez. Are gehiago, bere psikologoa den Ohiana Barriosek gaineratu zuen espetxeak ukatu egin duela "gertuko medikuek Kurika artzatzeko aukera" ere.
Nafarroako Parlamentuari kritika
Prentsaurrean Mattin Troitiño euskaraz eta Miguel Olaiz gazteleraz euskal preso politikoen kolektiboak bizi duen "egoera kezkagarria" azaldu zuten, eta larriki gaixorik dauden eta askatasuna ukatu zaien presoak dagoeneko 14 direla ohartarazi zuten. Gainera, Nafarroako Parlamentua zuzenean kritikatu zuten gai honi buruz hitz egiteko asmoa zuen Etxeraten ordezkaritza bati harrera ez egiteagatik. Azkenik, egoera honi aurre egin eta mobilizatzeko dei egin zioten jendarteari. Mikel Gilek balizko delirio krisiak izan zituen orain 15 urte. 1996ean artatu zuen psikiatraren diagnostikoaren arabera, Antsiazko depresioaren patologia eta oinarrizko pertsonalitatearen desoreka da bere gaitza. Konfiantzazko psikiatrarekin kontsultak izan zituen. Horretaz gain, artrosia eta artikulazioetako arazoak: kondromalazia errotuliarra, artosi femurtibiala, eskuineko belauneko meniskoko lesioa eta zerbikalgia. Konfiantzazko psikologoarekin zituen bisitak debekatu dizkiote. Egun Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxean dago 30 urtetara zigortua.