Bi erakundeotako iturriek azaldu dutenez, jarduera desberdinak egingo ditu zentroak: adibidez, etxebizitzari buruzko dokumentuen, liburuen eta araudien datu-baseak sortu, gai hori ikertzeko eta aztertzeko zereginetan lagungarri izan daitezen. Era berean, informazio eguneratua eta interesgarria eskaintzen duen web-orri bat sortuko da, unibertsitatearen, administrazioaren eta gizartearen artean ohiko komunikazio-kanala izan dadin. Halaber, etxebizitzaren arazoari buruzko diagnostikoak eta egon daitezkeen araudi-hutsuneak abiapuntutzat hartuz, aurkitu diren beharrizanak konpontzeko beharrezkoak diren ikerketak garatzeko eta indartzeko ahalegina egingo da. Etxebizitzari buruzko politika publikoei lotutako gai global edo partzialei dagokienez egin daitezkeen ikerketa puntualak eta ideia berritzaileen ikerketak bultzatuko dira.
Jardunaldiak eta unibertsitate-ikastaroak
Gainera, gogoetarako eta ideiak eta esperientziak trukatzeko guneen sorkuntza bultzatuko da, etxebizitzaren arazoari eta horren gizarte, ekonomi eta espazio-ondorioei buruzko jakintza zabaltzeko; horretarako, laguntzaile-sare bat sortuko da Espainia osoan. Jardunaldiak eta unibertsitate-ikastaroak ere antolatuko dira, esperientzia berriak ezagutzeko eta etxebizitzaren gaian inplikatuta dauden subjektu publiko nahiz pribatuen eta sortuko diren profesionalen prestakuntzarako, horien prestakuntza gizarteak eskatzen dituen beharrizanetara egokitzeko.