Algortako Begoña gazteluko galeriak erailera publikorako izateko aldarrikapena zabaldu nahi du Gorrondatxe kultur elkarteak, igande honetarako deitutako mobilizazioaren bitartez. "Getxoko Udalak ondasun publiko eta ondare historiko artistikoa dena Barcelo katearen esku utzi nahi du, bertan luxuzko hotela egin dezan", salatu dutenez. Gauzak horrela, 12:00etatik aurrera erakusketa egongo da Arriluzeko kaian. Bertan, antolatzaileez gain, Iñaki Uriarte arkitektoa izango da, hurbiltzen direnei "eraikinaren balio artistikoei buruzko eta bete behar duen funtzio sozialari buruzko azalpenak emateko". 13:00etarako, berriz, elkarretaratzea deitu dute galerien erabilera publikoaren alde. Gorrondatxe elkartearen ustez, "pasealeku estali ederra eta Abraren ikuspegi bikaineko talaia izan daiteke denontzat" Galea jauregia.
Esku batzuetatik besteetara
Begoñako jauregiko galeriak 1918an eraiki ziren, mendiari eusteko betebehar funtzionalari aterpe eta pasealeku izaera emanez. Euste hormaren atzealdean Etxebarrietaren Txaleta zenaren lekuan orain dauden etxetzarrak 80ko hamarkadan eraiki zirenean, galeriak eta lur zoruaren zati bat Getxoko Udalaren esku geratu ziren. Gorrondatxe kultur elkarteak zehaztutakoaren arabera, "1988an Udalak 35 etxebizitza eta garajeak eraikitzeko lizentzia eman zion orubearen jabea zen enpresari. Baldintza nagusia orubearen erdia eta galeriak erabilera publikorako tokiko erakundearen esku uztea izan zen. Horrez gain ingurua urbanizatzeko 50 milioi pezeta jaso zuen Udalak".
Hala ere, "geroztik udal ondarea dena erabilera publikorako konpontzeko proposamena Udal Batzar Aretoan behin baino gehiagotan aztertu egin bada ere, Udalak abandonaturik izan du urte luze hauetan zehar", kritikatu dutenez. "Aldi berean hirigintza plangintzetan aldaketa bat bestearen atzetik burutzen ari da Barceló kateak luxuzko hotela egin dezan, behar izatekotan galeriak eraitsiz. Abrari begira dagoen arte lana eta ondasun publikoa getxoztar eta bisitari ororentzat berreskuratu behar dugu", gaineratu dute Gorrondatxekoek. Bere garaian, Getxoko Udala burutzen ari den hirigintza plangintzaren aldaketaren aurrean, ehunka galdapen eta kexa aurkeztu zituzten getxoztarrek.