Asteburu honetan izango da Leioako eskulangintza azokaren 29. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 20:18

Asteburu honetan, hilaren 8an eta 9an, Euskal Herriko eskulangintza mota anitzen erakusketa eta tailerrak izango dira Leioako Boulevardean. Guztira 24 erakustoki ezberdin izango dira artisauen lanak ikusteko edo erosteko. Horietatik (13 artisauak eta 11 gastronomikoak), 11 bizkaitarrak dira, 2 gipuzkoarrak, 4 nafarrak eta gainontzeko 7ak Espainiako hainbat tokitik etorritakoak. Horretaz gain, eta lehendabiziko aldiz, EHUko Leioa eta Erandioko campuseko ostalaritza eskolak ere parte hartuko du. Eurentzat beren beregi jarritako txokoan argitalpenak erakutsiko dituzte. Erakusketaz gain, lau tailer egongo dira artisauen lana gertutik ezagutzeko: zura lantzekoa (Ana Aldana), ziri-parpaila (Leioako udal tailerra), sormenezko ehungintza (Marivi Mendez) eta bitxigintza artistikoa (Emozioni di Vetrok), hurrenez hurren. Baina eskulanez gain gastronomia ere protagonista izango da asteburu horretan. Gure baserrietako produkturik gozoenak (gazta, hestebeteak, ahate paparra eta ogia) dastatzeko aukera egongo da, larunbatean 19:00etatik 20:00etara eta igandean 12:00etatik 14:00etara. Argazkian, artisau azokaren iazko edizioa.

Aurkeztuko diren artisau lan guztien artean zurezko lanak, zeramika, larrugintza, edota ehungintza izango dira, besteak beste. Hau horrela, larunbata eta igandean, azoka bisitatzeko mantenduko den ordutegia hurrengokoa izango da: goizez, 10:30etik 14:30era, eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara. Hala ere, kontuan hartu azoka larunbat eguerdiko 12etan inauguratuko dela.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun