"Matematikak eguneroko bizitzan" zikloa irekiko du Bilbon Alegria Ezquerra EHUko irakasleak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 20:30

Datorren azaroaren 13an, osteguna, Bilboko Zazpi Kaleetan azaroan zehar egingo den "Matematikak eguneroko bizitzan" hitzaldi zikloaren laugarren edizioa abiatuko du Pedro Alegria Ezquerra EHUko Matematika irakasleak. Hitzordua Bidebarrieta liburutegiko kulturgunean izango da, arratsaldeko 7:30ean, sarrera doakoa izango dela. Bere hitzaldian, Alegriak jendaurrean azalduko ditu magoek egindako truku askoren atzean dauden aljebrako printzipioak. Karta-jokoak izango dira "Magia-trukuei aplikatutako matematikak" hitzaldiaren ardatz. Ildo horretan, Alegria irakasleak bertaratutakoek parte hartzeko moduko saioa egingo du, eta hitzaldira joango direnei nork bere kartak eramatera animatzen ditu, ditxosozko "magiaren arteagatik" esamoldearen atzean dauden oinarri matematikoak bertatik bertara ezagutzea zein zirraragarria izan daitekeen egiazta ahal ditzaten. Hilaren 20an, berriz, "Edertasunaren pentagonoa" hitzaldian matematika eta artearen arteko loturak izango dira mintzagai. Azken hitzaldia "Erabaki eta banatzea: begirada matematikoa hauteskundeei" izango da, politika eta matematika uztartuko dituena.

Pedro Alegria Ezquerra Matematikan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta gaur egun Matematika Saileko kidea da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, titulazioaren koordinatzaile gisa. Horrez gain, Matematikaren Espainiako Erret-Elkarteko Dibulgazio Batzordeko lehendakaria da, eta zenbait testu-libururen egilea.

Hilaren 20an, Granadako Unibertsitateko Rafael Perez Gomez matematikaria izango da hitzaldiaren protagonista. Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniaritza eta Arkitektura eskoletan diharduen irakasle honek "Edertasunaren pentagonoa" delako hitzaldia eskainiko du. Bertan, Perezek aztertuko du nola artea eredu matematikoez baliatu izan den tradizionalki edertasuna irudikatzeko. Pitagorasen teorietatik abiatuta –bere esanetan, "dena da harmonia eta zenbakia"–, irakasleak azalduko nola lagundu duen matematikak kaosa (itsusia) ezeztatzen eta nola orden berri (eta harmonikoago) horretan sortzen den artistak irudikatu nahian dabiltzan edertasun hori.

Ziklo honen laugarren edizioa ixteko ekitaldia hilaren 27an egingo da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Aljebrako irakasle titular dabilen Adolfo Quiros Gracian-ek eskainiko duen "Erabaki eta banatzea: begirada matematikoa hauteskundeei" izenburuko hitzaldiaz. Agerraldi horretan, matematikak auzi politikoei buruzko erabaki kolektiboetan eta boterearen baliabideak, parlamentuko jarlekuak kasu, proportzionalki banatzeko ahaleginean duen inplikazioa azalduko da. Quiros Matematikaren Erret-Elkarteko Gobernu Batzordeko kidea da, baita Hezkuntza eta Zientzia Ministerioko (orain Hezkuntza, Gizarte-Politika eta Kirol Ministerioa) Unibertsitateetako Zuzendaritza Nagusiko aholkularia ere.

"Matematikak eguneroko bizitzan" hitzaldi-zikloa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatearekin eta Matematikaren Espainiako Erret-Elkartearekin elkarlanean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun