"Krisi egoera kontuan hartuta %4,2 baino ez" dituzte igo tasak eta zergak Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 21:04

Urriaren 30ean egindako osoko bilkuran, 2009ra begira, tasak eta zergak %4,2 igotzea erabaki zuen Leioako Udalbatzak. Aste honetan bertan emandako prentsaurrekoan, erabakia "krisi egoera kontuan izanda" hartu dutela defendatu du Eneko Arruebarrena alkateak. Alderdi Popularrak arrazoi berbera emanda eskatu zuen tasak eta zergak bere horretan mantentzea. Batetik, "esfortzu bat egin" eta 2008 eta 2009 urteen arteko KPI (%5,8) kontuan hartu beharrean -horrela egiten omen da udal agintariaren arabera-, 2007ko abendukoa aplikatu dutela azaldu zuen asteartean Arruebarrenak. Bestetik, "udal zerbitzuak ematen jarraitzeko", tasa eta zergak igotzea "beharrezkoa" izan dela adierazi zuen agintariak; "nahi beste ez izan arren". Leioako alkatearen arabera, "bildutako dirua ez da nahikoa" udal zerbitzu horiek ordaindu ahal izateko. Argazkian, Eneko Arruebarrena alkatea aurreko prentsaurreko batean.

Udal zerbitzu gehienak "defizitarioak" dira Arruebarrenak dioenez. Adibidez, zarama bilketaren kostearen %74,3 ordaintzeko baino ez du ematen tasa bidez bildutako dirua, alkateak azaldutakoaren arabera. Estolderiari dagokionez, %64,4 litzateke kopuru hori. Eta beste hainbat zerbitzu jarri zituen adibidetzat udal agintariak: garabia (%80), ehorketa zerbitzuak (%10,1), kirol instalazioak (%19,1), ezkontzak (%34,9), agiriak (11,7)... Gizarte ongizatea (%40,3), hezkuntza (%4,1), kaleen argiztapena (%0) eta garbiketa (%0) ere multzo berean sartu zituen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun