Arrate Illaro finalaurrekoetan izango den erabakiko da igandean Zaldibarren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 21:38

Igande honetan egingo dute aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken kanporaketa. Zaldibarreko saioan ez da Uribe Kostako bertsolaririk jardungo, baina zalantzarik gabe, eskualdeko bertsozaleek adi jarraituko dute kanporaketa, bertan erabakiko baita Arrate Illaro algortarra finaleurrekoetarako jauzia emango duenetz eta zein finalaurrekoan abestuko duen Jone Uriak. Hitzordua herriko frontoian izango dute zaleek, arratsaldeko 5:30ean, Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Mikel Galarza, Amaia Uribe, Manex Sagarna eta Ander Elortegi arituko direla. Gauzak horrela, saioko irabazleak ziurtatuta dauka finalaurrekoetarako pasea. Gainontzekoek puntuen arabera izango dute finalaurrekoetara pasatzeko aukera, horretarako Illarok lortutako 369,5 puntuak gainditu beharko dituztela. Argazkian, Arrate Illaro Ipar Uribeko VII. Bertsolari Txapelketako finalean, Areetan.

Zaldibarreko kanporaketarako sarrerak 8 eurotan egongo dira. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko bazkideek, ordea, 5 euro baino ez dituzte ordaindu behar izango. Eta gaztetxoek 3 euro. Bertsolariek honako lanak izango dituzte: binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta bakarka, hasierako puntua emanda bertso bi zortziko txikian abestu beharko dituzte bertsolariek. Eta kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda beste hiruna bertso, doinu eta neurri librean.

Zaldibarretik aurrera, hiru finalaurreak burutuko dira, Xabi eta Fredi Paya algortarrak, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuria aurreko txapelketako finalistak zuzenean haraino helduko direla. Haiekin batera, kanporaketetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste sei bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoak azaroaren 23an, Gernika-Lumo frontoian, 30ean Markina-Xemeingo frontoian eta abenduaren 7an Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarriko duten karpapean izango dira.

Itzubaltzetan finalaurrekoa baino gehiago finala izango da

Dagoeneko jakina da Gernika-Lumon Fredi Paya, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra eta Oihana Bartrak abestuko dutela. Haiekin batera izango dira puntuazioen arabera sailkatutako lehenengo eta bosgarren onenak. Markina-Xemeinen, berriz, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo eta Miren Amuriza izango dira, 3. eta 6. puntuazio onenak dituztenekin batera. Itzubaltzeta / Romon, ordea, azken hiru txapeldunek oholtzaren gainean bat egitea litekeena da. Bertan, dagoeneko Xabi Paya, Etxahun Lekue eta Igor Elortza iragarrita daude, baina Zaldibarren garaipena eskuratuko duen bertsolariak ere bertan abestuko beharko du, eta Unai Iturriaga agertzen da ia kiniela guztietan Zaldibarretik Itzubaltzeta / Romora zuzeneko saltoa egiteko. Horiekin batera 2. eta 4. markak egingo dituztenak arituko dira. Azkenik, 8 finalistek lehia gogorra izango dute Barakaldoko BECen, Jon Azpillagak nori jarriko dion txapela azken unera arte ez dugula jakingo.

Hona hemen etzi Zaldibarren lehiatuko diren bertsolarien fitxa:

Unai Iturriaga

1974ko ekainaren 28an Durangora sortua. 31 urte ditu durangarrak. Bertso jardunaz aparte, gidoigintzan ere egiten du lan. 1990tik aurrerako Bizkaiko Txapelketako final guztietan abestu du, 2006koan izan ezik, azken Bizkaiko Txapelketan ez zuen eta parte hartu. Birritan izan da Bizkaiko Txapelduna eta lautan Txapelketa Nagusiko finalista. Gainera, 2005ko Euskal Herriko txapeldunordea da. "Gu ta Gutarrak" proiektuarekin bide pertsonalagoa landu ostean, bueltan dator txapelketetara eta plazaz plazako bertsogintzara.

Gorka Lazkano

1980an jaiotako berriztarra. Irakaslea da. 1998an parte hartu zuen lehenengoz Bizkaiko txapelketan eta ordutik txapelketa guztietan hartu du parte. 2004ean eta 2006an finalaurrekoetara heldu zen. Aurtengo Durangadeko txapelduna da.

Mikel Galarza

Bilbotarra, 1964an jaioa. Ekonomi eta enpresa zientzietan lizentziatua, irakasle moduan dabil. Santutxu, Gaztainondo eta Kafe Antzokiko bertso-eskoletako kideak izan ditu kantukide ohikoenak. Aurtengo Bilboaldeko txapeldunordea.

Manex Sagarna

Igorreztarra, 1987an jaioa. Euskal filologia ikasten dabil. Duela lau urte ere kantatu zuen eskualdeko finalean.

Amaia Uribe

1985ean jaio zen Foruan. Kazetaria lanbidez. Besteak beste, "Hitzetik Hortzera"ko aurkezle berria da. Hirugarrenez parte hartu du Busturialdeko Bertsolari Txapelketan.

Ander Elortegi

Natxituarra, 1985ean sortua. Ingeniaritza tekniko elektronikoko ikaslea. 2004ko Busturialdeko Txapelketan parte hartu zuen lehenengoz.

Orain arteko sailkapena:

• Igor Elortza, 424,4 puntu. Sailkatua zuzenean.
• Miren Amuriza, 403. Sailkatua zuzenean.
• Oihana Bartra, 402,5. Sailkatua zuzenean.
• Jone Uria, 397,5.
• Eneko Abasolo, 392,5. Sailkatua zuzenean.
• Eñaut Intxaurraga, 380,5.
• Joseba Artza, 379.
• Gorka Ostolaza, 376,5.
• Jabier Olibares, 371,5.
• Arrate Illaro, 369,5.
• Eñaut Uruburu, 367.
• Xabier Enbeita, 365,5.
• Garikoitz Sarriugarte, 364.
• Lander Ibarluzea, 362.
• Iker Belaustegi, 361,5.
• Iñaki Iturriotz, 359.
• Mikel Petuya, 349.
• Peru Vidal, 348.
• Itxaso Paya, 345.
• Olatz Ibarluzea, 342,5.
• Xabat Galletebeitia, 338,5.
• Ander Salaberria 331,5.
• Julen Erezuma, 324,5.
• Arkaitz Zupiria, 318.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun