Publikoak zein pribatuak izan Leioako Udalak zuzenduko ditu San Bartolome auzoko hurrengo hirigintza lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 21:42

Urriaren 30eko osoko bilkuran onartutako hitzarmenaren arabera, Leioako Udalak zuzenduko ditu Basañez auzorako aurreikusita dauden hiru hirigintza egitasmoak, ekimen pribatukoak zein tokiko erakundeak berak sustatutakoak izan. Alde batetik, San Bartolome Vacante eremuan saltzekoak diren 120 etxe eta babes ofizialeko beste 30 altxatu nahi ditu eraikuntza enpresa batek. San Bartolome historikoa delakoan, berriz, 40 etxebizitza egingo dira, azken hauek ere ekimen pribatukoak. Azkenik, Udalak elizate ingurua hobetu eta Telleria auzoko saneamendu sarea berrituko du. Helburu nagusia "auzotarren erosotasuna bilatzea" da, Eneko Arruebarrena alkatearen arabera. Obra guzti horiek suposatzen duten aurrekontu osotik, hau da 5.883.243 eurotatik, tokiko erakundeak bi milioi euro jarriko ditu, gainontzekoa enpresa pribatuen esku utziz. Argazkian, 2007ko Txitxiburruntxi Eguna San Bartolomen.

Zehazki, Udalak San Bartolome kalea hobetuko du (espaloiak, bideak, argiztapena...) eta bateria erako aparkalekuak eraikiko ditu. Horretaz gain, Artatzarekin bat egiten duen Atxukarro kaleko azken zatia berrituko du, Altzaga parkeari bizia emango dio eta San Bartolome plaza handituko du. Azken ekintza horretan, lurzoruaren zati bat gordeko du tokiko erakundeak, etorkizunean Elizak beste tenplu bat eraikitzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun