Soldata murriztu arren urtean 50.562 euro irabazten jarraituko du 1.450 biztanle inguru dituen Barrikako alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 7a, 22:07

Urriaren 22ko osoko bilkuran, Juan Jose Ezpeleta EAJren alkateari soldata 30.000 euro pasatxo jaistea onartu zuen Barrikako Udalbatzak, kontrako bozka bakarra Amaia Aparicio Ezker Batuko ordezkariarena izan zela. Alderdi federalistako kideak adierazi zuenez, udal agintariari soldata murriztu arte "hilabeteak geratzen dira oraindik". Bi, hain zuzen. Idoia Mendia PSE-EEko zinegotzia eta legebiltzarkideak aurkeztutako mozioari urrian oniritzia eman arren, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera kostatuko da 50.562 euro 1.450 bizilagun inguruko Uribe Kostako udalerriko alkateak. Lehen 81.526 euro kobratzen zituen soldata gordin gisa. Bitartean, azken asteotan guztion ahotan dabilen krisia aipatu zuen Ezpeletak soldata jaitsiera proposamenari emandako baiezkoa justifikatzeko. Bestalde, 2009an Udalkutxatik 31.793 euro gutxiago jasoko dituztela jakinarazi zuen. Argazkian, Juan Jose Ezpeleta Barrikako alkatea.

Aurretik bi saiakera egon dira Barrikako alkateari soldata jaisteko eta, "behingoz eztabaida honekin amaitu" nahi izan du Ezpeletak. Horrela adierazi zuen berak urriko osoko bilkuran. Abenduan, udal agintariak 40.000 euro gutxiago kobratzea proposatu zuen EAk, baina mozioa ez zen aurrera atera PP abstenitu egin zelako. Bost hilabete geroago sozialdemokratak berriro saiatu ziren mozioa udal batzarrean aurkezten, azken orduan. Baina premiazko gaia ez zela iritzi zioten gainontzeko taldeek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun