Gaixoa bere ingurunetik atera gabe zaintzen dutela da programaren abantailarik handiena: "psikologo profesionalen talde batek etxez etxeko zerbitzua ematen du, zaintzailearen eta gaixoaren egunerokotasunaren ezaugarri guztiez jabetuz. Horrela familiek ez dute inongo aldaketarik egin behar bere bizitzan programa honetan parte hartzeko, eta bide batez, psikologoak informazio baliotsua lor dezake ingurunean bertan", azaldu dute udal iturriek.
Egun 19 gaixo
Informazioa banatu, eta interesatutako taldeekin batzarrak izan eta gero, 50 pertsona izan ziren programan izena eman zutenak, gehienak Gizarte Zerbitzuetako datu basetik eratorriak. Horietatik 25 programatik kanpo geratu ziren, zaintzaileak programa jarraitzeko aukerarik ez zuelako edota gaixoak, beti zaintzailearen aburuz, narriadura kognitiborik ez zuelako. Modu horretara, psikoestimulazio programa gainontzeko 25 lagunetan oinarritu zen. Hala ere, lauk programa utzi behar izan zuten, osasun arazoak txarrera egin zuelako edota egoitza baten sartu zutelako. Azkenik, gaur egun 19 dira programa jarraitzen dutenak. Gainontzeko biak oporretatik bueltatzen direnean hasiko dira.
Zaintzaileak emakumeak gehien bat
Hasieran parte hartzeko prest zirenen artean, zazpik narriadura kognitibo arina zeukaten, beste bederatzik neurrizkoa, eta beste bederatzik larria. Bestalde programa honen azken balorazioa urtearen amaieran emango da. Zaintzailearen profilaren arabera, kasuen %60 gaixoaren famili kide bat izaten da, %40 aldiz, profesionalak izaten dira. Zaintzaileen gehiengoa emakumeek osatzen dute, hau da, gaixoaren alabek edota bikotekideek.