Orain gutxi Pinuetako kultur areto berria zabaldu zuen Leioako Udalak. Oraingoan, berriz, erdigunean, Aldapabarrena kaleko 2-4 eta 6 zenbakien artean, Gaztelekua egiteko asmoa dauka tokiko erakundeak. Aurreratu dutenez, hilabete gutxi batzuk barru irekita egongo da, dagoeneko Udalak egokitze lanak agindu baititu. Proiektuaren ezaugarriak idazteko Arcain Ingenieria y Arquitectura enpresa aukeratu dute eta aurrekontua 663.439 eurotakoa da. Gazteei zuzendutako aretoak 517 metro koadro izango ditu, hainbat gunetan banatua: 50 lagunentzako ikasketa gela, erabilera anitzeko aretoa, nagusienak egoteko gela eta txikientzako beste bat ere, informatika gunea, elkarteentzako bulegoa, administrazio gunea, sukaldea eta honi elkartutako gela bat, eta azkenik komunak eta artxiboak. Argazkian, hainbat neska-mutil Berangoko gaztelekuan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!