Azaroaren 22an, goizean goizetik, euskal ikasleon topaketak egingo dituzte. "Elkarregandik ikasiz, Euskal Eskola Nazionala eraikitzera iritsiko garelako, Euskal Herriko ikasleok elkarren esperientziak konpartituz, elkarregandik ikasteko aukera paregabea izango dugu", Ikasle Abertzaleek azaldu dutenez. Era berean, Hezkuntza Sistema Nazionalaren guneari irekiera emango zaio 11:00etan, erraldoi, buruhandi eta trikitilariekin. Ondoren, kalejira izango da erraldoi eta buruhandiekin. Bitartean, gunean bertan umeentzako jolas eta puzgarriak izango dira, eta eguerdiko 12etan pailazo emanaldia hasiko da. Ordu bietan, berriz, bazkaria egingo dute. Eta horren ostean bertso saioa izango da Amaia Agirre, Maialen Arzallus, Iratxe Ibarra eta Onintza Enbeitaren eskutik. Bertso saioa bukatzean, 3indarrok elektrotxarangarekin kalejira izango da herrian zehar, eta era berean, 17:00etan musika maratoia egongo da Hezkuntza Sistema Nazionalaren gunean. Egitarauarekin jarraituz, 19:30ean manifestazioa egingo dute, eta ondoren ekitaldi politikoa izango da. Azkenik, 21:00etan hasiko dira kontzertuak. Karpa handian Anger, Piperrak, Obrint Pas, Soziedad Alkoholika, eta Amaiur izango dira entzungai; eta karpa txikian, Aritz Sound Sistem eta Dj Bull-ek girotuko dute gaua. Karpa handirako sarrera 18 eurotan egongo da aurretik erostekotan. Eta 22 eurotan egunean bertan.
Kanta eta bideoa
Hori egitarauari dagokionez. Eta, aipatu bezala, bada Ikasle Egunari begira ateratako kanta ere, "Borrokak heziak, iraultza haziak" izenburua duena. Abestia Eneko Barberenak idatzi du eta, musika eta ahotsaren gehiengoa Anger musika taldeak jarri badu ere, aipatzekoa da Goseko abeslari Inesen kolaborazioa batetik, eta bestetik 20 urte hauetan IAtik pasatako hainbat ikaslek eginiko koroak. Urtemugarako osatutako bideoan ere ikasle erakundearen historiaren erakusle diren hainbat kideri egindako elkarrizketak bildu dituzte. Bertan, Ioseba Garmendia, Ainhoa Etxaide, Igor Arroio, Alex Marañon, Miren Zabaleta, Oihana Llorente, Egoitza Albisu, Ainara Rodriguez, Gorka Zoizaia, Unai Txurruka eta Ainhoa Mendibil agertzen dira. Izan ere, "garenaz kontziente izan eta egindako bideaz ikasteko", plazaratutako bideoa bitarteko egokiadela uste dute IAkoek. Hala ere, "20 urte hauetako borrokaren atzetik milaka euskal ikasle askoren izenak daudela" gogoratuz, lagun guzti horiek ez dituzte ahaztu nahi izan.
Ikasle Egun Txikiak
Bestalde, "20 urteok ikasleen eta herritarren artean ospatu eta egindako bideaz ikasteko", azaroaren 22ko Ikasle Eguna bitartean luzatuko den Ikasle Egun Txikien dinamika jarri zuten martxan urriaren 11an Oreretan. "Norberak bere herrian badugulako zer ospatu, zer ikasi eta zer eraiki", hilabete eta erdian Euskal Herriko hainbat herritan ospatuko dira Ikasle Egun Txikiak", argitu dute IAko ordezkariek. "Gero, Erandion, azaroaren 22an euskal ikasle guztiok batera ikasle eta abertzaleon 20 urteak ospatu ditzagun", gaineratu dutenez.
Urteurrenaren berri emateko prentsaurrekoan (2008 Urr 24) IAk zabaldutako oharra:
Borrokak heziak, iraultza haziak
20 urte pasa dira, Iruñeako Txantrea auzoan Ikasle Abertzaleak antolakundea sortu zenetik. 20 urte pasa dira euskal ikasleria bere eskubideen alde borrokan antolatu zenetik. 20 urtetako ibilbidea eta hamaika borroken kronika luzea dugu atzean, eta beste hainbeste ditugu aurrera begira Euskal Eskola Nazionalaren bidean.
Borrokak heziak garela diogu, 20 urteotako borrokak egin gaituelako egun garena. Sortu ginen garaian NATO, Golkoko gerra eta intsumisioa borrokatzen bagenituen, denborarekin euskal ikasleen problematika finduz joan gara gure eskubideen aldeko olatu oso bat martxan jartzeraino. Autoritarismoaren aurkako borroka, hurrengo urteetan jarraituko zuen euskalduntzearen aldekoa, jai egun arrotzen aurka burututako ekimen ugariak, ikasleon indarra batzeko ahaleginak, greba eskubidearen aldekoa, testu liburu arrotzei erakutsitako mespretxua, herri bezala hezkuntza sistema propioaren beharraren aldarrikapena, eskola eta fakultateetan poliziaren presentziaren ukazioa, hezkuntza sistema parekide baten aldeko borroka, eta finean, helburu dugun Euskal Eskola Nazionala eraikitze bidean jardun dugu lanean generazioz generazio.
20 urte hauetan, ikasle mugimenduak berari dagokion indarra erakutsi du. Eskola eta fakultateetan agertu zaizkigun mugak gainditu eta gure borrokan aurrera jarraitzen jakin dugu. Arkatzak zorroztu, eta administrazioen iruzur eta erasoei erantzun diegu, zuzendari eta irakasle autoritarioei gure hitza entzunarazi diegu, urtez urte eskola eta fakultateetako ikasgela eta korridoreak euskal ikasleon eskubideen aldeko borroka eremu bihurtu ditugu, eta liburu arrotzetan, burumakur, isilik nahi gaituztenei oihu egin diegu. Horregatik, hogei urte luze hauengatik euskal ikasleria zoriondu beharrean aurkitzen gara. Zorionak, eta eskarrik asko egindako bide oparoagatik.
Baina borrokak hezitako iraultza haziak garela aldarrikatzera ere bagatoz. Egindako bideaz ikasi eta aurrera begira hezkuntza irauli eta Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko determinazio eta prestutasun osoa dugu. Bizi dugun egoera latza izanik ere, euskal ikasleon indarrak ez du mugarik, eta sobera gaitasun dugu euskal ikasleon kolektiboa gorpuzten jarraitu eta Herri honek, ikasleria honek merezi duen eskola eraikitzeko. Euskal Eskola Nazionala lortuko dugu!
Ikasle Abertzaleak 20 urte (1988-2008)