Datoren larunbaterako, azaroak 15, konpostajeari buruzko hitzaldia antolatu du
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Solasaldia 11:00etan izango da Urdulizko probalekuan, Aita Gotzon kaleko 9. zenbakian. Eskualdeko zazpi udalerri biltzen dituen erakundeak 2006an egin zuen etxeko konpostajearen inguruko lehenengo kanpaina, eta orduko hartan 520 konposgailu banatu ziren. Kanpaina horrek eduki zuen arrakasta eta zegoen itxaron zerrenda kontuan hartuta, beste kanpaina bat egitea erabaki zuten. Kanpainan parte hartzeko jarri zituzten baldintzak hauexek dira: Mankomunitateko zazpi udaletako batean, hau da, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela edo Urdulizen erroldatuta egotea; konposgailua jartzeko lur‑eremua izatea; konpostajeari buruzko hitzaldi teoriko‑praktikora joatea; erregistro batean jasotzea zenbat gai organiko bota den konposgailura eta handik zenbat konpost lortu den; eta gai organikoen edukiontzietara inausketa‑hondarrik ez botatzeko konpromisoa hartzea, hurrenez hurren. Argazkian, konpostajeari buruz, Txorierrin izandako hitzaldia.