Iturriaga nagusitu da Zaldibarren eta Illaro txapelketatik at utzi du Uribek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 9a, 22:41

Unai Iturriaga nagusitu da gaur Zaldibarren jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren eta azken kanporaketan. Zaldibarreko frontoian, 600 bat bertsozale bildu dira Durangokoa erraz irabazten ikusteko. Iturriagak 453,5 puntu bildu ditu eta bigarrenak, Amaia Uribe, 372,5. Puntu horiek nahikoak izan ditu "Hitzetik Hortzera"ko aurkezleak Arrate Illarori aurrea hartu eta finalaurrekoetarako azken trena harrapatzeko. Gorka Lazkano (366,5), Ander Elortegi (350), Manex Sagarna (341) eta Mikel Galarza (309), berriz, kanpoan gelditu dira. Hortaz, Illaro atean gelditu dela, Jone Uria izango da puntuengatik sailkatutako uribekostar bakarra, Fredi eta Xabi Payarekin finalaurrekoetan batuko dena. Bestalde, herenegun jai giroan ospatu zuten Algortan VI. Bihotza Gazte bertso-festa eta bertan, Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Angel Larrañaga bertsolariek Macbeth-en sorginak balira bezala Azpillagak zein buruan jarriko duen txapela izan zuten hizpide. Batek, txapelduna bertan zegoela esan zuen, Jone Uriari begira, bigarrenak, berriz, Payatarren bati egokitu zion eta, azkenak, ordea, Etxahun Lekue lehenetsi zuen. Argazkian, Unai Iturriaga gaur irabazi ostean / Crhistian Valdibieso.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketak amaituta, hiru finalaurreak burutuko dira, Xabi eta Fredi Paya algortarrak, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Ibon Ajuria aurreko txapelketako finalistak zuzenean haraino helduko direla. Haiekin batera, kanporaketetako irabazleak eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste sei bertsolarik parte hartuko dute. Finalaurrekoak azaroaren 23an, Gernika-Lumo frontoian, 30ean Markina-Xemeingo frontoian eta abenduaren 7an Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan jarriko duten karpapean izango dira.

Itzubaltzetan finalaurrekoa baino gehiago finala izango da

Dagoeneko jakina da Gernika-Lumon Fredi Paya, Jone Uria, Ibon Ajuria, Iratxe Ibarra, Oihana Bartra eta Amaia Uribek abestuko dutela. Markina-Xemeinen, berriz, Onintza Enbeita, Arkaitz Estiballes, Eneko Abasolo, Joseba Artza, jabi Olibares eta Miren Amuriza izango dira. Itzubaltzeta / Romon, ordea, azken hiru txapeldunek oholtzaren gainean bat egingo dute. Bertan, Xabi Paya, Igor Elortza eta Unai Iturriaga izango dira norgehiagoka. Haiekin batera, orain dela bi urteko txapeldun ordea, Etxahun Lekue, izango da eta oholtza guztiz betetzeko Eñaut Intxaurraga eta Gorka Ostolaza arituko dira gerra eman gurean. Azkenik, 8 finalistek lehia gogorra izango dute Barakaldoko BECen, Jon Azpillagak nori jarriko dion txapela azken unera arte ez dugula jakingo.

Kanporaketen sailkapena:

• Unai Iturriaga, 453, 5 puntu. Sailkatua zuzenean.
• Igor Elortza, 424,4. Sailkatua zuzenean.
• Miren Amuriza, 403. Sailkatua zuzenean.
• Oihana Bartra, 402,5. Sailkatua zuzenean.
• Jone Uria, 397,5. Sailkatua puntuengatik.
• Eneko Abasolo, 392,5. Sailkatua zuzenean.
• Eñaut Intxaurraga, 380,5. Sailkatua puntuengatik.
• Joseba Artza, 379. Sailkatua puntuengatik.
• Gorka Ostolaza, 376,5. Sailkatua puntuengatik.
• Amaia Uribe, 372,5. Sailkatua puntuengatik.
• Jabier Olibares, 371,5. Sailkatua puntuengatik.
• Arrate Illaro, 369,5.
• Eñaut Uruburu, 367.
• Gorka Lazkano, 366,5.
• Xabier Enbeita, 365,5.
• Garikoitz Sarriugarte, 364.
• Lander Ibarluzea, 362.
• Iker Belaustegi, 361,5.
• Iñaki Iturriotz, 359.
• Ander Elortegi, 350.
• Mikel Petuya, 349.
• Peru Vidal, 348.
• Itxaso Paya, 345.
• Olatz Ibarluzea, 342,5.
• Manex Sagarna, 341.
• Xabat Galletebeitia, 338,5.
• Ander Salaberria 331,5.
• Julen Erezuma, 324,5.
• Arkaitz Zupiria, 318.
• Mikel Galarza, 309.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun