Igande honetan, azaroak 16, izango da Bilbon
herri krosaren 21. edizioa. Kale Nagusiko BBKren egoitza aurretik 11:00etan abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, 6.000 eta 7.000 lagun artean, antolatzaileek adierazi dutenez. Helmuga irteeraren leku berean egongo da. Lehendabiziko parte-hartzaileek 11:30ak aldera amaituko dute ibilbidea; azkenek, ordubete geroago. Izan ere, "ibilbideak zailtasun handirik ez duenez, lasterketa leuna dela esan daiteke. Ibilbide osoa hiribide zabaletan barrena egiten da. Horri esker, milaka parte-hartzaileak erraz igaro ahal izaten dira", azaldu dutenez. Gauzak horrela, besteak beste, Algortako Torrene kaleko 10. zenbakiko (16:45etik 19:00etara) eta EHUko Leioa eta Erandioko campuseko liburutegi ondoko (10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara) BBKren bulegoetan izena eman ahal izango da, ostegunera bitartean, herri krosa egiteko.
Inskripzio orria (pdf) eramateaz gain, 5 euro (4 euro BBK26 txartela daukatenek) ordaindu beharko dira. Argazkian, hainbat parte hartzaile iazko edizioan.