Astearte honetan, azaroak 11, "Jovenes que cambian el mundo" izeneko hitzaldia izango da Zientzia eta Teknologia Fakultateko gradu aretoan, Leioa eta Erandioko campusean, EHU %0,7 Elkartasun Fondoak eta Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak antolatua. Hizlaria Denis Pavon ikasle nikaraguarra izango da. Zuzenbidea eta Industria Injeniaritza ikasten ari da bera eta Agua, Tierra, Poblacion, Ambiente y Desarrollo Sostenible fundazioko kidea da. Unibertsitateko iturrien arabera, Pavonek esperientzia handia dauka ingurumenaren defentsan lan egiten duten talde gazteekin. Egun, Ingurumen Hezkuntza proiektu bat garatzen ari da Nikaragua mendebaldeko La Paz Centro herri behartsuan. Herrialdeak deforestazioa pairatzen ari da azken hamarkadan. Horren ondorioz, tenperatura goraka doa; laboragarri diren lurrek erosioa jasaten dute; eta komunitatea urez hornitzen duten Izapa eta Tamarindo ibaien ur-emaria gutxitzen ari da. Hitzaldia 15:00etan izango da. Argazkian, Denis Pavon gazte nikaraguarra.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!