Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Aurten, Eudelen egitasmoak gizonei zuzenduak dira, Sopelako udal iturriek nabarmendu dutenez, "beraien sentsibilizazioa eskatzen baita, isiltasuna alde batera utzi eta indarkeriaren aurrean gizonek erantzukizuna dutela onar dezaten, emakumeei hainbeste kalte egiten dien gai honetan".
Sopelako Udalak bat egin du kanpaina horrekin eta hainbat ekitaldi antolatu ditu, Itzartu emakumeen elkarteak lagunduta. Azaroaren 21ean, Gizonduz karpa jarriko dute udaletxeko plazan. Eusko Jaurlaritzaren ekimena da Gizonduz, Juan Jose Ibarretxe Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariak berak bultzatu duena, Emakunderen lankidetzaz, "gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko gizonen partaidetza lortzeko asmoz". Asteartean, azaroak 25, 19:00etan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren agiri ofiziala eta Itzartu taldearen adierazpena irakurriko dituzte ordezkari politikoek, udaletxe aurrean. Gainera, urteroko globo zuriak jaurtiko dira eta film bat proiektatuko dute. Argazkian, udal arduradunak eta Itzartuko kideak emakumeenganako indarkeriaren kontrako adierazpena irakurtzen udaletxeko sarreran.