Azpiegituretan aurrez ikusitakoa baino 1.800.000 euro gehiago gastatzea egotzi dio Erandioko Udalari PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 10a, 14:19

Javier Ruiz Erandioko PPren zinegotziak salatutakoaren arabera, azpiegituretan egindako azken inbertsioak "aurrekontuan jarrita zegoena baino 1.800.000 euro gehiago" atera zaizkio Erandioko Udalari. Besteak beste, Izartu egitasmoa (187.000 euro gehiago, Ruizen arabera), itsasadar aurreandearen urbanizazioa (370.000 euro gehiago), plaza eta lorategiak (620.000 euro gehiago), Erandio Landako gune soziokulturala (291.000 euro gehiago), bigarren mailako sareen konponketa (105.000 euro gehiago) edota Antzaga eta Erandio Landa arteko errepidea zabalagoa egiteko lanak (100.000 euro gehiago) jarri ditu adibidetzat tokiko popularren ordezkariak. Hori dela eta, "herri lanak ez gainbegiratzea" egotzi die udal agintariei Ruizek: "demaseko diru hori erandioztarrek euren poltsikoetatik ordaindu behar izateaz gain, gizarte gaietara, gazteriara edota enplegura zuzendutako baliabide ekonomikoak murriztuko ditu horrek", zinegotzi popularraren hitzetan. Argazkian, Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramailea.

Gainera, Ruizen hitzetan, ez da horrelakorik gertatzen den lehenengo aldia. Bozeramaile popularrak adierazitakoaren arabera, Astrabuduako futbol zelaiko lanetan "bi milioi euro baino gehiagoko desfasea" egon zen aurrekontua eta obren kostuaren artean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun