Balaztatze elektrikoan, motorrek beste aldera egiten dute bira, eta generadore bihurtzen dira, trenaren energia zinetikoa energia elektriko bihurtzen dutenez gero. Balaztatzean sortzen den energia elektrikoa katenariara birbideratzen da eta handik arrankatu edo azeleratuko duen hurrengo trenera bideratuko da. Sistema horrek trenen artean kilometroa edo gutxiago dagoenean funtzionatzen du. Metro Bilbaoren kasuan egingarria da trenak enborreko trenbidean 2,5 minututik behineko maiztasunez ibiltzen direnez gero. Funtzionatzeko oinarrizko eskema horri esker balaztatzeetan ateratzen den energia partzialki berreskuratzen da eta, horrela, gainerako trenek energia horren portzentaje handiago ala txikiagoak berreskuratzen dituzte, balaztatzen ari den trena zenbat distantziara dagoen arabera.
Energia aurrezpena
Metro Bilbaoren trenak eta instalazioak energia elektrikoarekin aritzen dira. "Ingurumenean eragina ahalik eta txikiena izan dadin eta energia ahalik eta gehien aurrezteko funtsezkoa da ahalik eta egokien kontsumitzea lortzea", garraio enpresako arduradunen hitzetan. Eman dituzten datuen arabera, 2007an guztira 69.977.054 kwh kontsumitu zituzten, gutxi gorabehera, eta horien guztien %67 edo trenen trakzioak eroan du. Subestazio elektrikoek katenariaren bidez ematen diete indarra trenei. Energia motorretara heltzen da (bogietan daude motorrak), trenak arrankatu eta mugitzeko.