Datozen Gabonetan hainbat aisialdi ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek Plentzian. Besteak beste, abenduaren 29rako, astelehena, Sopuerta Abentura parkera txangoa antolatu du bertoko Kultur Etxeak. Goizeko 9:30ean aterako dira herritik, 14:00etan etxera bueltatzeko. Izena ematen duten neska-mutil guztiekin bi talde osatuko dituzte: bata 5 eta 7 urte bitarteko umeekin; eta bestea 8 eta 10 urte artekoekin. Horrenbestez, plentziarrek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta bost euro gehiago kanpokoek. Bitartean, urtarrilaren 5ean eta 7an, kometa tailerra egingo dute Goñi Portal kultur aretoan, 10:00etatik 13:00etara, 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Ikastaroa 10 eurotan aterako zaie udalerrian erroldatuei eta 12 euro gainontzekoei. Aipatu bi ekintzetarako, azaroaren 17ra arte dago izena emateko aukera. Argazkian, bi ume zuhaitzetatik zintzilik, Sopuerta Abentura parkean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!