Larunbat honetan, azaroak 15, Algortako Txiki eta Otaegi plazan IX Indabada Mundiala dela eta, irratsaio berezia eskainiko du Uribe Kosta eskualdeko
Koska irratiak. Komunikabide horren eta Getxoko
Txorimalo gaztetxearen arteko elkarlanari esker, 11:30ean hasiko da saioa. "Horrela goiz guztian zehar dagoen giroa transmitituko dugu Uribe Kostako uhinetan zehar. Elkarrizketa ezberdinak, zozketak... egingo ditugu zuzenean, jendeak partu har dezan. Telefonoa nola ez, irekita egongo da jendearen iradokizunetara", adierazi dute antolatzaileek. Babajana herrikoirako txartelei (6 euro) dagokienez, azkar ari direla saltzen aipatu du Algortako Gazte Asanbladak (AGA). "Hala ere, oraindik, karteletan agertzen diren tokietan (Amnistia, UK eta La plaza tabernak eta Eztabaida gunea) geratzen dira. Ostegunean kenduko ditugu, beraz ez utzi azkenengo momentura arte!", ohartarazi dutenez. Argazkian, iazko indabadaren irudietako bat.