Emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu dute abendurako Erandion

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko aza. 11a, 10:44

Erandioko Udalak dohainiko autodefentsa ikastaroa antolatu du, udalerriko emakumeentzat, "indarkeriari buruz dauden mitoak hautsi eta emakumeen ahultasunari buruzko usteak apurtzeko asmoz", tokiko iturriek adierazi dutenez. Alde fisikoaz aparte (teknika fisikoak ezagutzeko) esparru psikologikoa ere landuko dute 12 orduko ikastaroan. Horrenbestez, Altzagan, abenduaren 1, 3, 10, 12, 15 eta 17an izango dira eskola teoriko-praktikoak; bertoko kiroldegian, 19:00etatik 21:00etara (hilaren 12an izan ezik, 19:30etan hasiko dela). Astabuduan, berriz, abenduaren 20an (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara) eta 21ean (10:00etatik 14:00etara) emango dute autodefentsa ikastaroa, kiroldegian. Azaroaren 27a jarri dute izena emateko azken eguna, tokiak mugatuak baitira. Horretarako, Erandioko Kultur Sailera (udaletxean), Astrabuduako udal bulegora edo Behargintzako Berdintasun Sailera jo beharko dute emakumeek. Horrekin batera, 944 175 616 telefono zenbakia eta berdintasuna[abildua]erandioko-udala.net e-posta jarri dituzte zalantzak argitzeko. Argazkian, Erandioko emakumeen manifestazioa martxoaren 8an.

Bitartean, azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako, ohi bezala, deialdi bateratua egin dute Erandioko Emakumeen Elkarte Sozio Kulturalak eta Erandioko Udalak. Hartara, 12:00etatik aurrera emakumeen aurkako biolentzia salatzeko isileko kontzentrazioa egingo dute udaletxe aurreko Irailaren 23a plazan. Hilaren 27an, berriz, "¿Que sabemos sobre la violencia contra las mujeres" izenburuko hitzaldia eskainiko du Vanessa Galego Carrillo adituak, 19:00etan, Altzagako azoka zaharrean.

Ikastetxeetan

Bestalde, Erandioko Udalak eta Berdintasunaren Aldeko Zerbitzuak antolatuta, 2008-2009 ikasturtean zehar, genero-indarkeriaren prebentziorako ikastaro berezia emango zaie udalerriko DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako zentroetan dabiltzan gazteei. Hainbat gai landuko dituzte: sozializazio-prozesuak (emakume eta gizonezkoen bereizgarriak edo gizartearen eragina), amodiozko ereduak (harreman motak edota autoestimuaren garrantzia) genero-indarkeria (Zer da eta zergatik gertatzen da) eta mundu bat indarkeriarik gabe (gizarte eta norberaren konpromezua), besteak beste. Ikastaroa Astrabudua DBH, Erandio DBH, Jado Compasion, Ategorri eta Erandioko LHZn emango dute. Helburuen arteandaude "genero indarkeriaren inguruan kontzientziatzea, indarkeria alde batera uztea eta emakumezko eta gizonezkoeen artean bereizketarik ez dagoela erakustea", antolatzaileek adierazi dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun